Eskaintza berezia bazkideentzat, Mintzolaren udako eskolan

2019/04/02
"Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak" izeneko eskola antolatu du Mintzola Ahozko Lantegiak, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Maiatzaren 31 baino lehen izena emanez gero, merkeago; eta Bertsozale Elkarteko bazkide bazara, eskaintza berezia izango duzu, gainera.

Abuztuaren 22an eta 23an izango da Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izeneko eskola UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Mintzola Ahozko Lantegiak antolatuta.

Euskal kulturaren kontsumotik eta transmisio edo transmisio ezatik abiatuta, bertsozaletasuna izango da hizpide lehen egunean; eta, bide hori eginda, bigarren egunean, bertsolaritzari inguruan egokitu zaizkion eraginak eta horietara nola moldatu den aztertuko dugu, izan rockari, 90eko bertsolari gazteei, emakumeen presentziari edota hiztun berriei dagokionez.

Josu Amezaga, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri izango dira hizlari lehen egunean; eta Alberto Irazu, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe bigarrenean. Gainera, hitzaldi sorta biribiltzeko, bigarren jardunaldiko arratsaldean komentatutako bertso saio feminista eskainiko dute Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariek, Maite Berriozabal gidari dutela.

Ikastarorako matrikulazioa zabalik dago eta Bertsozale Elkarteko bazkideek eskaintza berezia baliatu ahal izango dute: matrikula prezio erdian egiteko aukera izango dute. Horretarako, maiatzeko azken astea baino lehen helbidera egin beharko da lehenik eskaera eta matrikula berezi hau lortzeko prozedura azalduko zaie interesdunei.

Dena den, aukera honetaz baliatzeko izen-emate kopuru mugatua dago, eta eskatu ahala banatuko dira agortu arte. Mugi, beraz!

2017an ere elkarteko bazkideei egin zitzaien eskaintza. / XDZ