Erritmoak eragingo dio aste honetan Hitzetik Hortzerari

2016/01/14
Aitor Mendiluzek eta Naroa Sasietak azalduko digute nola kudeatzen duten saio bateko erritmoa.

Konpas asko gurutzatzen zaizkio bertsolariari saio batean: arnasarena, kantukidearena, saioarena,… eta bertsolariak horiek nola uztartzen dituen azalduko digu aste honetako Hitzetik Hortzerak. Aitor Mendiluzek eta Naroa Sasietak euren iritzia emango dute.

Tartean, telebista-saioari berari erritmoa txertatuko dioten bertsoaldiak izango dira: Mendiluze bera Andoni Egañarekin galde-erantzunetan entzungo dugu, bizi-bizi; edo Jon Maiarekin batera, bertsoaldi gogoangarri batean, 2003ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi aurretik erronkan; Agin Laburuk eta Beñat Gaztelumendik abiada bizian kantatuko diote igaro berri den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari eta Maialen Lujanbiok arnasa luzeko ariketa egingo du eguberrietako kontraesanak deskribatzeko.

Igandean, 15:00etan, ez galdu Hitzetik Hortzeraren atal berria ETB 1en; eta sarean, noiznahi, www.eitb.tv atarian.

Igandean, 15:00etan, ETB1en