Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak lankidetza hitzarmena sinatu dute
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak beren arteko lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur Amasa-Villabonako Subijana etxean: Bertsozale Elkarteko eta Mintzola Ahozko Lantegiko koordinatzaile den Aritz Zerainek, Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzaile diren Nere Erkiagak eta Oihana Aranburuk, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko zuzendaria den Jon Bagüések hartu dute parte. Hitzarmen honen helburua bi erakundeen arteko esperientzia eta ezagutzak trukatu eta herritarrei zerbitzu hobeagoa eskaintzea da, bai musikaren eta bertsolaritzaren inguruko elkarlana sendotuz, eta baita Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez, musikaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruan elkarlana bultzatuz ere.
Hala, musikaren eta bertsolaritzaren ikus-entzunezko ondarearen zaintzak eta zabalkundeak gaur egun dituen erronkei erantzuteko elkarlana sendotu nahi da, baliabideen ustiapen handiena egin eta informazio zerbitzuak hobetzeko.
Eresbil musikaren ondarea eta euskal musikagileen ekoizpenean espezializatutako zentroa da eta 1974tik hainbat zerbitzu eta egitasmo eskaintzen ditu. Euskal musikaren ikerketa eta zabalkundean lan handia egiten du. Xenpelar Dokumentazio Zentroa 1991an sortu zuen Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren ondarearen zerbitzua emateko eta 2009tik Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez munduko kantu inprobisatuaren inguruko informazio zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Pello Errota, ala Joxe Mari Sorozabal?
Aspaldikoa da bi erakundeen arteko elkarlana. Izan ere, urteak dira bertsolaritzaren musika eta ikus-entzunezkoen tratamenduan auzolanean ari direla, elkarri lagunduz, elkar osatuz.
Bide luze horretan ez da anekdotarik falta eta beharbada guztietan pasadizorik bereziena ezagutzen dugun bertso grabaziorik zaharrenarekin gertatutakoa da. Ezagutu nahi? sartu www.mintzola.eus atarira.
Eta irakurri baino, ikus-entzun nahiago baduzu, hemen bideoa.