Entzumenaren eta dastamenaren umamia

2020/10/19
Gazitik, gozotik, garratzetik eta mikatzetik pasa ziren sukaldariek prestatutakoak eta bertsolariek kantatutakoak. Umamia izan zen, hala ere, zapore nagusi Chillida Lekun egindako Bertsoa Sutan saioan.

Onddoetan, tomatean edota gaztan topa dezakegun zaporea da umamia; ezezagunena, agian, oinarrizko zaporeetako bat da umamia, garratzarekin, gaziarekin, gozoarekin eta mikatzarekin batera. Japoniar jatorriko hitzak zapore jakin horri deitura emateaz gainera, zapore ona adierazteko ere baliatzen da Asiako herrialdean.

Umamia utzi zuen dastamenean eta entzumenean Bertsoa Sutan saioak. Gainerako zentzumenek ere atseginez hartu zuten eguraldi ona, eta Chillida Lekuko parajea behar bezala preziatzeko abagunea eskaini zuen giroak.

Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariek janaria prestatzeko hainbat prozesu azaldu zituzten, gazitik hasi eta mikatzerainoko prestaketak eginda, sukaldeko hainbat trikimailu ezagutu genituen, eta, bide horretan, Maite Berriozabal gai jartzaileak haiei loturiko egoerak jarri zizkien Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariei.

Amaitzeko, umamia dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, mokadua eskainita; horietako zale batzuek, gainera, oparia ere eraman zuten etxera, saioaren babesle ziren Euskal Sagardoa eta Getariako Txakolina jatorrizko deiturek bere ekoizpenaren sortak zozkatu baitzituzten.

Chillida Lekuko Lurra Cafek eskainitako otordu berezian ere geratu ziren zaleetako batzuk.

Laster izango dira bertsoaldiak entzungai Bertsoa.eus atarian eta Hitzetik Hortzera saioan; eta argazkiak ere bai atari honetan bertan.

Ikusi argazkiak, hemen!

2020-10-17. Bertsoa Sutan

 

Bertsoak eta sukaldeak bat egin zuten Bertsoa Sutan saioan. / XDZ