"Entsegu prozesuetan aktoreen ekarpenek antzezlana eraikitzen dutela uste dut"

2023/10/20
Amets Arzallusek eta Uxue Alberdik etxearen inguruan egindako bertsoak abiapuntu hartuta, "Teilatupean" emanaldia sortu du Iraitz Lizarragak Lanku Kultur Zerbitzuen eskutik. Maren Basterretxea eta Uxue Alkorta ariko dira Lizarragaren gidaritzapean (zenbaitetan Maite Aizpurua ariko da Basterretxearen ordez). Haurrei zuzendutako emanaldia, Amasa-Villabonako Gurea antzokian estreinatuko da igandean. Entseguetan harrapatu dugu Lizarraga.

Noiz hasi zinen Teilatupean ikuskizunarekin lanean?
2022ko udazkenean jaso nuen antzezlana idazteko proposamena. Pare bat hilabete eman nituen etxearen ideiari bueltaka, informazioa biltzen, ideiak jasotzen, bertsoak entzuten... 2023ko urtarrilean lehenengo zirriborroa idatzi nuen, eta hortik aurrera, aldaketa bat bestearen atzetik egiten aritu naiz entseguetan hasi arte. Ekainean bi astez egin genituen entseguak, eta uda ostean, irailean, berriz ekin diegu.

"Uxue Alberdik eta Amets Arzallusek egindako bertso sorta batzuen erreferentzia jaso nuen: biek oso modu ezberdinean jorratzen zuten etxearen gaia. Berehala konturatu nintzen gaiak zituen aukerez"

Hasieran buruan zeneukan horretatik emaitzara iritsi arte bilakaera handia egon da prozesuan?
Sekulakoa! Baina horixe da nire lan egiteko modua, eta horixe zen hasieratik planteatu nuena. Azken finean, ni ere aktore-sortzailea naiz, eta entsegu prozesuetan aktoreen ekarpenek antzezlana eraikitzen dutela uste dut. Hasieratik argi nuen nik idatzitako gidoia aldatuz joango zela prozesu osoan zehar, ia azkeneko egunera arte. Antzezlana zerbait bizia da, ekintzan oinarritua. Hori bai, momentu batean esan beharra daukazu...honaino! Listo! Daukagunarekin aurrera goaz.

Hamaika gairen inguruan hausnartzeko abiapuntua da etxea. Argi zenuen horrek izan behar zuela abiapuntua, edo hausnarketarako gaiak zehazterakoan burura etorritako irudia izan da etxearena?

Etxearen proposamena Lankutik etorri zitzaidan. Uxue Alberdik eta Amets Arzallusek egindako bertso sorta batzuen erreferentzia jaso nuen: biek oso modu ezberdinean jorratzen zuten etxearen gaia. Berehala konturatu nintzen gaiak zituen aukerez: etxea aitzakia moduan hartuta hainbat gai landu daitezke. Zailena gai horien artean aukeratzea izan da!

Eta horretarako baliabide ugari jarri dituzue dantzan: txotxongiloak, argi-itzalen jolasak,… bertsoekin edo koplekin lan egiten ohituta zinen?
Bertso eta koplak gustuko ditut entzuteko, baina aitortu beharra daukat eskola garaitik ez nintzela aritu bertsotan. Baina ausartu naiz... lotsa gutxirekin… (kar, kar, kar). Esan beharra daukat, horretan Uxue Alkortaren laguntza izan dudala. Nik egindako bertsoak errepasatu eta zuzentzen lagundu dit.

(Lanku, 2023)

Haurrentzako ikuskizunetan esperientzia handia daukazu, eta diziplina ezberdinetan gainera, izan antzezle modura, ipuin kontalari edota trapezioarekin. Publiko eskertua izaten da haurrena?
Ez nuke esango eskertua denik hitza. Haurrek egia esaten dute: obra batek funtzionatzen badu, zurekin daude, eta hori eszenatokitik nabaritu egiten da. Txarrena da funtzionatzen ez badu ere nabaritu egiten dela...ez da publiko erraza.

Lehen emanaldia urriaren 22an Amasa-Villabonako Gurea antzokian izango da. Urduri?
Oraindik ez. Urriaren 21ean hasiko naiz urduritzen… ala agian ez, auskalo! Nahiko lasaia naiz zentzu horretan. Egia da zuzendari paperean gutxiagotan egon naizela, eta ez dakit nola egongo naizen. Gogotsu... hori seguru.

 

AGENDA

Urriak 22 Amasa-Villabona, Gurea Antzokia
Azaroak 17 Lezo, Gezala Auditorium
Azaroak 24 Lemoa, Kotxepin Kultur Etxea
Azaroak 25 Orozko, Donibane Aretoa
Azaroak 29 Arrigorriaga, Lonbo Aretoa
Abenduak 1 Getaria, kultur etxea
Abenduak 3 Antsoain, antzokia
Abenduak 19 Basauri, Pozokoetxe Kultur Etxea

[BertsoZalea berripaperean argitaratua, 2023ko urria]

Iraitz Lizarragak zuzentzen du "Teilatupean".