Emanaldi goxoa Hernanin
Atzoko saioaren ondotik eta inprobisatzaileek elkarri neurria hartuta, emanaldi beroa eskaini dute gaur Hernaniko Biterin sardiniarrek, kurduak, katalanek eta euskaldunek. Ariketa berriak eta musika tresna ezezagunak ezagutu ditu gaur ikus-entzuleak, Zinar Alak kaxarekin lagundutako ospakizun kantuak edota sardiniarrek ekarritako launeddas musika tresna kasu.
Etxekoak gaur Maialen Lujanbio eta Arrate Illaro izan dira; Sardiniatik Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriek errepikatu dute, Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileekin batera; Herrialde Katalanetatik Christian Simelio eta Anaís Falcó corrandistak aritu dira, Gerard Diez musikariarekin batera; eta Zinar Ala izan da ordezkari kurdua. Saioa Maite Berriozabalek gidatu du eta itzultzaile lanetan jardun dira Renato Capocchia, Miren Ibarluzea eta Irati Majuelo. Mintzola Ahozko Lantegiarekin eta Donostia 2016rekin batera, Hernaniko Udalak antolatu du gaurko emanaldia.
Hurrengo saioa, Donostian
Asteartean izango da hurrengo emanaldia Donostian, UPV/EHUko Ignacio Maria Barriola eraikinean, 19:00etatik aurrera. Emanaldia dohainik izango da, eta hurbiltzeko asmoa duenak gonbidapena eskatu beharko du gi-kultura@ehu.eus helbidera idatzita.