Emakume oihalgileak eta bertsolariak omendu dituzte Subijana etxean, `Emakumeen haria´ egunean
Amasa-Villabonako Subijana etxea oihal fabrika izan zen pasa den mendean, 1860tik 1980ra; gaur egun Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza da. Eta memoria historiko ariketa bat egin nahi izan du Amasa-Villabonako Udalak Bertsozale Elkartearen laguntzarekin. Emakumezkoak ziren langile gehienak oihal fabrikan eta eurak omentzeko ekitaldia egin zen ekainaren 7an: Subijana etxearen iragana eta oraina lotuz, emakume oihalgileak eta bertsolariak omenduz.
Familia argazkia atera genuen lehenik, garai bateko eta gaur egungo langileekin. Ondoren, Subijana etxeko ganbaran, Beatriz Unzue alkateak egin zien harrera hurbildutakoei eta eskerrak eman bertan lan egin zuten langileei, euren lana aitortuz, baita egun Bertsozale Elkarteak egiten duena ere. Gero, Fanny Alonsok eta oihal fabrika zaharrean lanean aritutako emakumeek hartu zuten hitza. Azkenik, Bertsozale Elkartetik Aritz Zerainek gaur egun Bertsozale Elkarteak egiten duen lana azaldu zuen.
Horma-irudiaren inaugurazioa
Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok Subijana etxean egin duten horma-irudiaren sortze prozesuaren azalpenak eman zituzten ondoren: emakumeen istorioak lehen planora ekartzeko beharra azpimarratu zuten bi sortzaileek. Horma-irudia Maialen Lujanbioren bertso batek osatzen du eta, azalpenen ondoren, bertara hurbildutako guztion arten abestu zen.
Historiaren fardotik
saltatu ta tira
hamar lerro hitzezko
hamar metxa dira
lerrotik errimara
metxatik harira
kanillatatik pasa
ta ahotsa argira...
Eskuen memoria
bertsotan ari da.
Oihal fabrikari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioa egin zen, azkenik. Bertso saio tematikoak, 1880-1960 urte bitarteko Subijana oihal fabrikaren barrura sartzeko aukera eman zuen. Amaia Agirrek gidatu zuen saioa eta kantuan aritu ziren Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran bertsolariak.