Elkarlana zabaldu eta indartzera begira

2021/01/15
"Bakoitzak bere funtzio, aukera, autonomia eta erantzukizunetik, estrategia partekatuak eraikitzeko egin nahi du lan Bertsozale Elkarteak". Arrate Illaro Etxebarriak lankidetzen inguruan "Bertsozale Elkartea gero(r)a mugitzen" aldizkarian idatzitakoa berreskuratu dugu blogean.

Bertsozale Elkarteak eguneroko oinarri du elkarlana, sorreratik. Batetik, noski, bertsozale ororen artekoa: izan plazaz plazako bertsolari, bertso eskolako kide, saio antolatzaile, entzule, gai jartzaile, tokian tokiko zein lurralde mailako eragile, borondatezko zein liberatu, belaunaldi berrikoa zein ibilbide luzekoa. Bertsolaritzaren barruko sare horrek guztiak elikatzen du bertsolaritza bera. Inor gutxik jarriko luke zalantzan bertsolaritzaren gaur egungo egoera urte luzetan elkarrekin egindako lanaren ondorio dela.

Era berean, euskalgintzan eta kulturgintzan ari diren bestelako eragileekin ere aspaldikoa bezain naturala du lankidetza Elkarteak: gizarte eragileekin, erakunde publikoekin zein kulturgile eta norbanakoekin aritu izan da, aritzen da eta arituko da eskuz esku lanean. Edonola ere, Elkartearen datozen urteotako helburuetako bat elkarlan hori zabaldu eta indartzea da.

"Euskalgintzan eta kulturgintzan ari diren bestelako eragileekin ere aspaldikoa bezain naturala du lankidetza Elkarteak"

Elkarlana zabaldu. Orain arteko aliatuak ahaztu gabe, batez ere kulturgintzako eragile berriekin zabaldu nahi ditugu lankidetzarako aukerak. Bertsolaritzak bestelako kultur jardunekin aritu behar du, gertutik, elkar elikatu ahal izateko. Eragile horiengana heldu, elkar ezagutu eta sinergiak bilatzeko ari gara lanean.

Elkarlana indartu. Lankidetza bide berriak zabaltzeaz gain, martxan ditugun urtez urteko aliantzak indartu nahi ditugu. Begia helburuetan jartzeaz gain, egiteko moduetan jartzea eskatzen digu horrek, (des)ikastea eta ohiturak astintzea, eta gogoz gaude horretarako. Elkarlan dinamika jarraituak eraiki nahi ditugu, dirulaguntza eta zerbitzu kontzeptu eta mugetatik harago. Elkarrekin marraztutako bide orriak eta helburuak behar ditugu kulturgintzan, euskalgintzan zein hezkuntzan ari garen eragile guztiok. Eta bakoitzak bere funtzio, aukera, autonomia eta erantzukizunetik, estrategia partekatuak eraikitzeko egin nahi du lan Bertsozale Elkarteak.