Elkarlan hitzarmena sinatu dugu Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak

2022/04/01
Euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako egitasmoak bultzatuko ditugu elkarlanean bi erakundeok; tartean, Mintzolak abiatutako zenbait ekimen.

"Bertsolaritzarekin eta elkartearekin harreman estua izan du betidanik Euskaltzaindiak, eta hitzarmen honen bitartez,  erakundeon arteko elkarlanean sakontzea eta elkarrekin euskalgintzan eta kulturgintzan eragiteko gaitasuna biderkatzea da gure nahia", adierazi dute Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ordezkariek gaur, Bilbon, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenaren harira. Euskararen Akademiaren egoitzan elkartu dira Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Beñat Gaztelumendi Zuzendaritzako kidea eta Idoia Trenor koordinatzailea Euskaltzaindiko Adolfo Arejitarekin eta Andres Urrutiarekin: "Euskaltzaindiak pozik hartzen du elkarrekiko lankidetzaren eraberritze hau eta etorkizunerako oinarriak ikusten ditu bertan", azaldu du euskaltzainburuak.

Bost urterako lankidetza adosten da hitzarmenean; euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako, zabalkunderako, ikerketarako eta transmisiorako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da elkarlan hori.  Horrela, bertsolaritza ezagutzera emateko egitasmoak, bertsozaletasuna indartzeko lehiaketak, ikastaroak eta antzerako ekimenak elkarrekin abian jartzeko oinarriak finkatu dira. Halaber, bi erakundeek elkarri aitortzen diote euskararen eta bertsolaritzaren inguruan egiten duten lana, eta haietan duten erreferentzialtasuna.

Bertsolariek kantuan darabilten hizkuntzaren azterketa linguistikoa

Urte honetarako egitasmo zehatzak ere jasotzen dira hitzarmenean.

Batetik, Mintzolak abian jarritako proiektuei elkarrekin emango zaie segida: ahoz eta euskaraz egiten diren kultur diziplinak elkartzen dituzten Ahostegunak eta Ahots Baten egitasmoak, kasu. Orobat  Mintzolak saritutako ikerketa proiektuen jarraipena eta zabalkundea egingo dugu: Agustin Mendizabalen Xabier Leteren prosodia musikalaren alderdi batzuk eta Maider Arregiren Bollerak bertsolaritzan: diskurtsoak, praktikak eta eraldaketa sozialerako proposamenak. Ahostegunak eta ikerketok abiatzeko proiektu sarien deialdietan bidelagun izan da hasieratik UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra; eta baita Ikastolen Elkartea ere Ahots Baten sormen egonaldian.

Bestetik, Bertsolariek kantuan darabilten egungo hizkuntzaren azterketa linguistikoa ikerketa jarriko dugu elkarrekin abian.

Idoia Trenor eta Andres Urrutia gaur goizean.