Edurne Azkarate izango da gonbidatu Hitzetik Hortzeran

2018/01/02
Txapelketa Nagusia atzean utzi eta urtarrilaren 7an itzuliko da Hitzetik Hortzera ohiko formatuan. Bertsolarien jarduna ez da geratuko eta plazaz plazako lana biltzen eta bertsozaleei eskaintzen jarraituko dugu, igandero-igandero apirilera arte.

2018an ohiko formatuan itzuliko da Hitzetik Hortzera. Igandero plazaz plaza bildutako bertso onenak eta gonbidatuak ekarriko ditugu. Diziplina ezberdinetan dabiltzan hainbat lagunek bertsolaritza nola bizi duten ezagutuko dugu: kirolariak, idazleak, aurkezleak, aktoreak… gonbidatuko ditugu gurera.

Urtarrilaren 7ko atalean Edurne Azkarate izango dugu. Astelehenetako Aulki-Jokoa telebista-saioaren aurpegia izan da Edurne Azkarate eta bera hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Bertsoei dagokionez, abenduaren amaieran Elgoibarren, Aretxabaletan eta Hernanin egin diren jaialdietako bertso onenak ekarriko ditugu.

Elgoibarren Miren Artetxe, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio izango dira kantuan eta Uxue Alberdik egingo ditu gai-jartzaile lanak; Aretxabaletan Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Agin Laburu ariko dira bertsotan eta Amaia Agirrek jarriko dizkie gaiak; eta Hernanin, Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Agin Laburu, Maialen Lujanbio eta Eli Pagola izango dira kantuan Jose Luis Urdangarinen aginduetara.

Hitzetik Hortzera, igandero 15:00etan, ETB1en.

Edurne Azkaratek pasa den abenduaren 18an agurtu zuen Aulki-Jokoa