Durangoko Azokari zabalduko dio sareko plaza Bertsoak
Abenduaren 4an zabalduko ditu ateak Durangoko Azokak. Bertsozale Elkarteak eta Lankuk ere parte hartuko dute, eta bertsolaritzari loturik izango diren argitalpenei eta emanaldiei erreparatuko die Bertsoak asteazkenean.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren jarraipenari dagokionez, Tolosako finalaurrekoan botatako bertsoak entzuteko aukera izango da bihar bertan eta asteazkenean protagonisten hitzak plazaratuko dira. Ostegunean datorren finalaurrekoari begira jarriko da sareko plaza, eta igandean Eibarren gertatzen denaren berri ere emango du.
Kantaerak bertsotan izan dezakeen eraginaren inguruko erreportajea prestatu du Bertsoako lan taldeak, eta ostegunean izango da ikusgai. Era berean, hausnarketarako bazka eskaintzen duen Hitzetik Hortzera telebista-saioan zer izango den aurreratuko dute ostiralean. Egun berean, Mallabiko Bertsolari Gazteen Txapelketa egingo da eta sariketa honen nondik norakoak ere bilduko ditu.
Astean zehar, Legazpiko, Sarako eta Durangoko saioetan eskainitako bertsoaldiak izango dira eskura, eta ohi bezala, duela zenbait urte botatako bertsoaldia berreskuratuko da ostiralean; oraingoan, Durangoko Azokari lotuta.
Jarraitu Bertsoa, sareko plaza!