Durangoko Azokara goaz!

2018/11/27
Goienkale 39an gure postua izateaz gainera, bertsolaritzak izango du bere lekua beste guneetan: besteak beste, bertsozaletasunaren azterketa soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz solasean ariko gara abenduaren 8an, 11:00etatik aurrera, Landako guneko Areto Nagusian.

Orrialdeak pasatu eta usaindu, besarkadak, entzun dugu, dantzan egin dugu, kontatu dit... gu ere euskal kulturgintzaren zirimola horretan sartuko gara abenduaren 5ean, eta han izango gara abenduaren 9ra arte: Durangoko Azokako Goienkale 39an topatuko gaituzue.

Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen ekoizpenak topatuko dituzue batez ere gure postuan; edota banaketa prozesuan bidelagun gaituzten produktuak. Landakoko gainerako guneei ere emango diegu bertsolaritzaren ukitua emanaldien eta solasaldien bitartez.

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren argitalpena izango da eskuragai Goienkale 39an: txapelketako bertsoaldiak, argazkiak, doinuak eta adituen hausnarketak biltzen ditu lanak. Liburua eta diskoa ditu. Bestalde, Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez 2016an egin genuen Europa bat-batean topaketari loturiko liburua ere izango da eskuragai: World Improvised Verse Singing. Topaketa haren baitan hitzaldiak eskaini genituen Donostiako Miramar Jauregian, ahozkotasunean eta kantu inprobisatuan adituak diren hainbat ikertzaileren eskutik: Ruth Finnegan, Josep Vicent Frechina eta Jone Miren Hernandez, besteak beste. Hitzaldi horietako bederatzi biltzen ditu Renoko Euskal Ikergunearekin (Center for Basque Studies) elkarlanean ateratako liburuak.

Bertsozaletasunaren azterketa soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz solasean, abenduaren 8an, 11:00etan, Areto Nagusian

Bestalde, beste zenbait arlotan ari diren sortzaileekin jolasean jarri ditugu bertsolariak: Lankuk bideratutako Buruz Buru lana izango dugu mahaian. Ostegunean aurkeztuko da baina zerbait aurreratze aldera, Andoni Egaña bertsolariak, Joseba Sarrionandia idazleak edota Ilaski Serrano aurkezleak parte hartu dutela esan dezakegu. Gainerako xehetasunak, esan bezala, laster ezagutuko dituzu.

Anjel Larrañagaren ibilbidearen errepasoa egiten duen Lana festa bihurtuz liburu eta diskoa ere izango dugu gurean. Joxean Agirre idazleak jaso ditu Azkoitiko pandero-jotzaile eta bertsolariaren inguruko bizipenak.

Gainera, Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek ekoitzitako produktuez harago, bertsolaritzari loturiko beste ekoizpen batzuk ere izango dira eskuragai postuan; esate baterako, gaur bertan aurkeztu den Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik infografia.

Asteazkenetik igandera bitarte, izango duzu astirik guretik pasa eta orrialdeak pasatu, usaindu, besarkadak eman eta hamaika pasadizo kontatzeko...ezta?

Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaren emaitzak aletuz

Abenduaren 8an, larunbatez, azokako Areto Nagusian Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaren emaitzak izango ditugu hizpide, 11:00etatik aurrera. Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez eta UPV/EHUko aholkularitzarekin eta ikertzaileekin gauzatu du ikerketa eta azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko galdetegiekin osatu da aurrez plazetan eta zenbait elkarrizketen bitartez egindakoa. Hitzordu honetan emaitzen inguruan aritzeko tartea hartuko dugu. Bertsozaletasunaren azterketa soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz solasean ariko dira Harkaitz Zubiri, azterketa egin duen UPV/EHUko ikertzaileetako bat; eta Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio Bertsozale Elkarteko ordezkariak. Jone Miren Hernandez UPV/EHUko ikertzaileak gidatuko du saioa.

Bezperan, abenduaren 7an, Ahotsenean eta Saguganbaran izango ditugu hitzorduak. Ahotsenea solasaldiak gunean Buruz buru lanaren ingurukoak entzun ahal izango ditugu, 13:00etatik aurrera; eta Saguganbaran, 16:00etan, Bertso jasa bat-bateko jolasa haur ikuskizuna.

Beste ekimenen batean ere hartuko dugu parte, gonbidatuta: abenduaren 8an, 18:30ean, Kulturaren transmisioa eskolan izeneko mahai-inguruan hartuko dugu parte. Bertsolaritza geroratzeko ikastetxeetako eta bertso-eskoletako proiektuetan lanean ari den Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kidea ariko da solasaldian, Iratxe Retolaza UPV/EHUko irakaslearekin, Maria Rivero musikariarekin eta Pello Ulazia Deustuko Unibertsitateko irakaslearekin batera. Kattalin Minerrek gidatuko du saioa.

Aurtengoan, Goienkale 39an izango gara. / XDZ