Durangoko Azokan izango gara

2021/12/02
"Gure Aldetara" Nafarroako emakume bertsolarien diskoa eta Plazida Otañori buruzko Plazida, oihartzunaren plaza ipuin liburua izango ditugu erakusmahaian, besteak beste.

Abenduaren 3tik 7ra online azokan eta abenduaren 4tik 8ra Landako guneko Goienkale 21en topatuko gaituzue; han izango gara Bertsozale Elkartea eta Lanku Kultur Zerbitzuak. Elkarteak eta Lankuk ekoitzitako zenbait lanez gainera, beste zenbait argitaletxeren eskutik iritsitakoak ere izango ditugu. 

Nafarroako Bertsozale Elkarteak aurten ateratako Gure Aldetara diskoa izango da eskuragai. Nafarroako emakume bertsolarien sortak jaso ditu lanak, bakarka zein taldean eginiko 14 kantutan. Bertso idatziei bultzada emateaz harago, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea du helburu diskoak.

Lankuren zenbait argitalpen ere izango dira eskura. Liburuen artean, Koldo Izagirreren Bertsoaren harria, Jon Maiaren Berriak jaio ginen, hainbat sortzaileren arteko elkarrizketak biltzen dituen Buruz buru liburuxken sorta eta Txakur Gorriak osatutako Orainmenean. Diskoen artean, Andoni Egañak eta Joxerra Garziak 1999ko abenduaren 28an Hernanin egindako saio berezia jasotzen duen Houston, arazotxo bat daukagu eta Xabier Amurizaren bertsoak biltzen dituen Jasota bezala antologia. Bertsolari ikus-entzunezkoaren DVDa eta Andoni Egañaren, Jon Sarasuaren eta Joxerra Garziaren Bat-bateko bertsolaritza liburua ere izango dira eskuragai.

Gure ekoizpenetatik harago, ordea, gure erakusmahaian izango ditugu beste zenbait argitaletxeren lanak ere. Batetik, Zizurkilgo Udalak ateratako eta Oihana Iguaran bertsolariak eta Maria Altuna ilustratzaileak egindako Plazida, oihartzunaren plaza ipuina gurean izango dugu. Plazida Otaño bertsolariari buruz egindako ipuin ilustratua da. Bestetik, XX. Lazkao Txiki bertso paper lehiaketako sortak jasotzen dituen argitalpena izango dugu, Argi Berri elkartearena. UPV/EHUk argitaratutako eta Harkaitz Zubiri, Xabier Aierdi eta Alfredo Retortilloren artean osatutako Kultura ez da bat-batekoa lana ere izango dugu gurean.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak ere jarriko dira eskuragai.

Bertsozale Elkarteko bazkideek deskontua izango dute Landako guneko salerosketetan. Gogoratu azokan sartzeko izena eman behar dela aurretik, hobeto egokitutako ordu eta erdiko txanda aukeratuta.

Online azokan ere bai

Goienkale 21ean ez ezik, Interneten Durangoko Azokak izango duen azokan ere izango gara. Katalogo horretan, ordea, ez ditugu erakusmahaiko produktu guztiak izango; adi, beraz, beheko zerrendari.

Laster elkartuko gara berriro Durangoko Azokan!

Berriak:

  • Gure Aldetara diskoa, hainbat bertsolari. Nafarroako Bertsozale Elkartea
  • Plazida, oihartzunaren plaza ipuina, Oihana Iguaran eta Maria Altuna. Zizurkilgo Udala
  • XX. Lazkao Txiki bertso paper lehiaketa liburua, hainbat egile. Argi Berri elkartea

Liburuak:

  • Bat-bateko bertsolaritza. Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Joxerra Garzia. Bertsozale Elkartea (+ online)
  • Berriak jaio ginen, Jon Maia. Lanku Kultur Zerbitzuak
  • Bertsoaren harria, Koldo Izagirre. Lanku Kultur Zerbitzuak (+ online)
  • Buruz buru, hainbat sortzaile. Lanku Kultur Zerbitzuak (+ online)
  • Kultura ez da bat-batekoa. Bertsolaritza aztergai,  Harkaitz Zubiri, Xabier Aierdi eta Alfredo Retortillo. Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Orainmenean, Txakur Gorria. Lanku Kultur Zerbitzuak (+ online)

Diskoak:

  • Houston, arazotxo bat daukagu, Andoni Egaña, Joxerra Garzia, Malen Amenabar. Lanku Kultur Zerbitzuak (+ online)
  • Jasota bezala, Xabier Amuriza. Lanku Kultur Zerbitzuak

Bestelakoak:

  • Bertsolari ikus-entzunezkoa, Asier Altuna
  • Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak

Goienkale 21en izango dugu postua.