Doinutegiaren aita Hitzetik Hortzeran

2022/02/03
Aste honetako programan Joanito Dorronsororekin elkartuko gara, bertso doinutegiaren sortzailearekin. Bere hastapenak zeintzuk izan ziren jakingo dugu, eta bertsolaritzara nola gerturatu zen ere bai. Gaur egun 3.000 doinu baino gehiago dokumentatuta dituen Xenpelar Dokumentazio Zentroa nola gorpuztu zen jakin nahi? Hitzetik Hortzera, larunbatean, ETB1en.

Zumaian eman ditu urterik gehienak, baina Ataunen jaio zen Joanito Dorronsoro. Gaztetan apaiz ikasketak egin zituen, eta fundizioko langile bilakatu zen gerora. Biak utzi eta ikastolen eta bertso-eskolen sorreran buru-belarri jardun zuen ondoren.

Joanitok, doinuen bilketa lan izugarria egiteaz gain, bizitza osoa eman du euskararen eta bertsolaritzaren transmisioarekin konprometituta. Bertsolaritza hezkuntzan txertatzeko hainbat baliabide sortu zituen, tartean bertso doinutegia, bertsogintzaren datu-baserik kutunenetakoa. Doinutegia, egun, Bertsolaritzaren Datu Basean aurki daiteke, sarean eta denen eskura: bdb.bertsozale.eus web atarian.

Joanito Dorronsororekin elkartuko da Eider larunbateko Hitzetik Hortzeran.

Tolosako eta Zeanuriko bertsoaldiak

Tolosaldeko Ataria komunikabidearen aldeko bertso jaialdiak eta Zeanurikoak ez dute hutsik egin urteroko hitzorduan, eta aste honetako programan bertsoaldi onenak eskainiko ditugu. Tolosan kantuan aritu ziren Amets Arzallus, Andoni Egaña, Iker Zubeldia, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran; gai-jartzaile lanak Amaia Agirrek egin zituen. Zeanuriko saioan, aldiz, kantuan aritu ziren Amets Arzallus, Jon Maia, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga;  Eñaut Intxaurraga aritu zen gaiak jartzen.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en, eta edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.

Joanito Dorronsororekin elkartuko da Eider larunbateko saioan.