Doinuen hautaketaz ariko da aste honetako Hitzetik Hortzera

2016/02/18
Andoni Egaña eta Miren Amuriza arituko dira doinuen hautaketaz igande bazkalostean ETB1en.

Bi osagai dauzka bertsoak: hitza eta doinua. Nola eragiten dio batak besteari? Esan behar duenaren arabera hautatzen al du bertsolariak doinua? Eta doinuak, zenbateraino eragiten dio bertsolariak esan behar dionari? Andoni Egaña eta Miren Amurizarengana joan gara galdezka. Eta Andoni Egaña bera bakarka hiru doinu desberdinetan entzungo dugu Elgoibarren.

Amurrio, Oñati, Zeanuri, Legutio, Tolosa eta Lezoko bertsoaldiak ere ekarriko ditu programara. Aste honetako historikoan, berriz, 2013ko Bertso Egunean Jexux Mari Irazu eta Eneko Lazkoz bertso berean doinu desberdinak nahasten hasi zirenekoa gogoratuko dugu.

Hori dena eta askoz gehiago aste honetako Hitzetik Hortzeran. Igande bazkalostean izango da hitzordua ETB1en, eta internetez noiznahi ikusi ahal izango da http://www.eitb.tv/eu/ helbidean.

Otsailaren 13an Lezoko izandako bertso saioko bertsoaldiak ikusi ahal izango dira igandeko programan