Doinu berriz hasi dute ikasturtea ikastetxeetako 29.000 ikaslek eta bertso-eskoletako 1.500 kidek

2024/10/07
Euskal Herri osoko ikastetxeetan eskaintzen dugu hezkuntza proiektua; materiala sortzen ere jarraitzen dugu.

Bertsotan gozatu eta trebatzeko 2024-2025 ikasturteari ekin diogu. Bertsozale Elkarteak Euskal Herri osoko ikastetxeei gelan bertsolaritza lantzeko proiektua eskaintzen die; ikasturte honetan 7 herrialdeetako 241 herritan bertsolaritza lantzen hasi dira 29.000 ikasle, Bertsozale Elkarteko 57 irakasleren eskutik. Ikastetxe publikoak, ikastolak zein kristau eskolak daude bertsolaritza lantzen duten 547 zentroen sare zabalean.

Bertso-eskolak ere martxan dira 7 herrialdeetako 119 herritan; 1.055 haur elkartuko dira asterokoan 89 irakasleren eskutik bat-batean trebatzeko. Helduen taldeetan 450 lagun ariko dira entrenatzen zein herriko bertso saioak antolatzen.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertsolarien sorta musikatuak, sarean

Bertso-eskoletan 9-18 urte bitarteko haur eta gazteekin baliatzeko materiala sortzen ari gara; epe luzeko proiektua da, formatu ezberdinetan sortuko dena, bertsolaritza irakasleek eginda. Material honen helburuetako bat ere bada, bereziki, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertso-eskoletarako egokia izatea (hizkuntzaz eta erreferentziaz); horregatik, sorkuntzan buru-belarri ari gara Bertsularien Lagunak Elkarteko irakasle taldean. Urtez urte argitara ematen joango gara sortzen ari garena eta, amaieran, material guztiek barne koherentzia eta osotasuna izango dute.

Ikasturte berriarekin batera, entzungai ditugu sorta musikatuak. Guztira 16 sorta dira, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoako bertsolariak ezagutzera emateaz gain, doinutan eta hizkuntzan kolorea dakartenak.

Sortak grabatzen 1

Sortak jarri dituzten bertsolariak: Aetz Etxart, Aimar Karrika, Ainhoa Sarasua, Aitor Servier, Haira Aizpurua, Joanes Etxebarria, Josu Txoperena, Leire Casamajou, Lur Renteria, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Maddi Sarasua, Nahia Etxeberri, Odei Barroso, Ramuntxo Christy eta Xan Alkhat.

Sortak Odei Barrosorekin Alkimia Produkzioak estudioan grabatu ditugu, Ainhoa Sarasuak eta Beñat Larroryk abestuta. Ahotsak musikaz laguntzen aritu dira Ainhoa Elizondo eskusoinuaz, Aner Peritz Euzkitze pianoaz eta Ainhoa Sarasua gitarraz.

Materiala eskuragarri dago Bertsoikasgela.eus atarian “bertso sortak” atalean eta Bertsoeskola.eus atarian “bertso jarriak” atalean.