Doinu berriak plazara, Hitzetik Hortzera

2022/01/20
Aste honetako programan, doinu baten sorrera prozesuaz arituko gara Nerea Urbizu musikariarekin eta Julio Soto bertsolariarekin batera. Nolakoa da plazarako doinu baten konposizioa? Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Bertsolaritzaren Datu Basean 3.200 doinutik gora daude dokumentatuta. Horietako asko doinu tradizionalak dira, baina beste hainbat bertsolariek plazaratu dituzte, doinu ezagunetan oinarrituta edota askotan kide musikariren bati laguntza eskatuta.

Horren adibide da Nerea Urbizu musikariaren eta Julio Soto bertsolariaren arteko elkarlana. Nerea ibilbide luzeko musikaria da; Ene Kantak proiektuaren sortzaileetako bat da, eta aurtengo Korrikaren kantaren egilea ere bada, besteak beste. Ibilbide horretan doinu bat baino gehiago sortu dizkio Julio Soto bertsolari gorritiarrari: ezagunena 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian plazaratutakoa, Ze ederra ta ze polita izena hartu zuena.

Bi lagunen arteko elkarlana nolakoa izan zen, doinu bat nola sortzen den, zein ezaugarritako doinuek funtzionatzen ote duten,… Galdera askorekin hurreratuko da Eider Perez Iruñera, aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Hendaiako eta Donostiako saioak

Joan den asteburuan izandako bi saioetako bertsoaldiak ere eskainiko dira: larunbatean Ipar Euskal Herriko Harrera Taldearen aldeko bertso saioa izan zen Hendaian, eta igandean, Mikel Laboa Sariko irabazleekin osatutako jaialdia Donostiako Dokan.

Bertsoaldi Kuttunaren atalean, berriz, Beñat Romero bertsolari zornotzarrarekin 2008ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera egingo dugu denboran salto; doinuekin ari garela, urte hartan kantatu zuen lehen aldiz Igor Elortzak Izarren hautsa egun batean doinuan.

Ez galdu, Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00tan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Julio Soto eta Nerea Urbizu izan ditu solaskide Eider Perezek.