Deustuko Aferak bertso dinamika, Hitzetik Hortzeran

2020/02/13
Hiru urte daramatza martxan Aferak bertso dinamikak. Deustuko Elorri bertso-eskolaren eta herriko tabernaren artean antolatutako bertso saio bereziak dira, eta aste honetako programan gertuagotik ezagutuko dugu egitasmoa; baita Mikel Astarloza txirrindulariaren bertsoaldi kuttuna ere. Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en.

Aferak hitzak esanahi berezia du Bilboko Deustu auzoan. Bertako Elorri bertso-eskolako Ander Anakabek eta Maite Sarasolak azalduko digute zertan datzan izen hori daraman egitasmoa. Aurtengoari amaiera eman dion bertso bazkarian elkartu da Hitzetik Hortzera beraiekin.

Bertso dinamika honen sorburua zein den jakingo dugu, eta batez ere zein beharri erantzuteko sortu zen; haren baitan egiten diren saioen berezitasunen inguruan ere ariko zaizkigu Ander eta Maite.

Mikel Astarlozaren bertsoaldi kuttuna

Mikel Astarloza txirrindulari ohiak hankei bezain azkar eragiten die eskuei bertsoak txalotzerakoan. Igandeko programan, pasaitarra bereziki hunkitzen duen bertsoaldia zein den jakingo dugu.

Hitzetik Hortzera igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieranen.

Ander Anakabe eta Maite Sarasola, Elorri bertso-eskolako kideak.