Denboraldiko azken Hitzetik Hortzera

2014/04/02
Igande honetan eskainiko da ikasturte honetako azken Hitzetik Hortzera. Txapelketa Nagusiarekin hasi zen irailean eta gaur arte hamaika plaza eta bertso ekarri dizkigu bertsozaleen etxeetara. Donibane-Garazin eta Azkoitian grabatutako saioak eskainiko dira igandeko programan. Gainera, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako bertsolaritzaren transmisioari buruzko kontuak eta kantuak izango dira Aimar Karrika, Xan Alkhat eta Maddi Sarasuaren eskutik. Igandean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1-en. Irailean itzuliko da Hitzetik Hortzera, beti bezala bertso plazako onenarekin.

Azken programa honetan ere bertsoa izango da protagonista. Donibane-Garazin izan da Hitzetik Hortzera, bertako Garazi Ikastolako integrazio-batzordeak antolatutako bertso-afarian. Maddi Sarasua, Sustrai Colina, Odei Barroso eta Xan Alkhat bertsotan eta Battitte Crouspeyre gai-jartzaile lanetan. Lan handia egiten ari dira bertso-transmisioan Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberuan. Aimar Karrika da irakasleetako bat eta kilometro asko egiten ditu errepidean eskolatik eskolara. Autoan izan ohi dituen gogoetak kontatu eta kantatuko dizkio Hitzetik Hortzerari. Eta kantatu gabeko hitzez kontatuko digute Ipar Euskal Herriko bertso-transmisioak duen garrantzia Xan Alkhat  bertso-irakasleak eta Maddi Sarasua ikasleak.

Bigarren bertso-jaialdia Gipuzkoan, Azkoitiako Floreaga Salestar ikastetxean. Hogeitabost aldiz antolatu dituzte Euskal-kultur jardunaldiak eta egitarauan bertso-jaialdia. Andoni Egaña, Jokin Uranga, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus kantuan Juan Inazio Suduperen agindutara.

Hitzetik Hortzera programaren azken saioan Azkoitiako Floreaga Salestar Ikastetxean izandako bertso saioa