Datorren asteazkenean hasiko dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak

2015/11/13
Bigarren urtez gauzatuko dira jardunaldiak, "Idatzitik ahozkora: Euskal ipuingintza egungo liburuetan" izenburupean.

Azaroaren 18an eta 25ean, datorren asteazkenean eta hurrengoan, egingo dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiek biltzen dituzten bi saioak. Idatzitik ahozkora: Euskal ipuingintza egungo liburuetan izenburupean, haurrentzako euskarazko ipuingintzaren argitalpenak aztertu eta ahozko kontaketarako baliabide bezala eskaintzen diren aukerak plazaratu nahi dira aurten.

Itziar Rekalde, Pello Añorga eta Bego Alabazan ipuin kontalariek, Xabier Etxaniz, Manu Lopez eta Patxi Zubizarreta idazle eta haur literaturan adituek, eta Aines Dufau Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko zuzendariak hartuko dute parte. Hitzaldi sorten ostean, mahai-inguruarekin biribilduko dira bi asteazkenetako saioak. 

Jardunaldiotan landuko diren gaiak eta gogoetak udal liburutegietako nahiz eskola liburutegietako arduradunentzat interesgarriak izateaz gain, ipuin-kontalari edo ipuingileentzat, eta arlo honetan dabiltzan editore eta itzultzaileentzat ere baliagarriak izatea nahi da.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren iaz. Euskal antzerkigintzaren dokumentazio beharren inguruan egin ziren lehen jardunaldiak, Koldo Mitxelena Kulturunean eta Subijana Etxean egindako saioekin.

2015ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Fundazioa,Tolosako Udal Liburutegia, eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira. Elkarte hauen laguntza izan dute jardunaldiek: Galtzagorri ElkarteaArtxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE); eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE).

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak