Datorren astean zabalduko da Bertso Udalekuen izen-ematea

2017/03/06
Bertso-eskoletako kideentzat edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat, martxoaren 13tik 24ra zabalduko da izen-ematea; gainerakoentzat, martxoaren 30etik apirilaren 12ra. Ikusgai daude aurtengo txandak.

Hezitzaileen izen-emate epea amaitzen doan neurrian, hastear da 2017ko Bertso Udalekuetan parte hartuko duten gaztetxoen izen-ematea. Martxoaren 13tik 24ra eman ahal izango dute izena bertso-eskoletako kideek edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek. Gainerakoek, martxoaren 30etik aurrera eman ahal izango dute, apirilaren 12ra arte.

Astebete honetan txandak begiratzeko astia izango dute interesdunek, aurtengoen inguruko informazioa zehaztuta eta argitaratua baitago. Orion (Gipuzkoa), Irañetan (Nafarroa), Bidarrain (Baxenabarre), Muxikan (Bizkaia) eta Zuhatzan (Araba) izango dira 2017ko Bertso Udalekuak. Lehen lau egonaldiak uztailean gauzatuko dira eta azkena, abuztuan. Ohi bezala, egonaldi bakoitza adin tarte jakin batentzat egokitua dago eta ekintzak ere lekuaren ezaugarrien araberakoak izango dira. Hala ere, noski, guztietan izango da bertsolaritzaz gozatzeko aukera, jolasak eta kirola uztartuz.

Ikusi aurtengo txandak hemen, gaur zortzi hasiko da-eta 2017ko Bertso Udalekuen izen-ematea!

2017ko Bertso Udalekuen inguruko informazioa eskuragai dago