Datorren astean ekingo zaie Bertso Udalekuei

2018/06/28
Uztailaren 7an Orion hasi eta abuztuaren 24an Zuhatzan amaitzen den arte, Irañetan, Muxikan eta Idauze-Mendin ere izango dira txandak.

Martxoan izena eman zutenetik, irrikitan daude gaztetxo asko ikasturtea amaitu eta Bertso Udalekuetara joateko. Aurten ere bost txanda izan dituzte aukeran: Orion (Gipuzkoa), Irañetan (Nafarroa), Muxikan (Bizkaia), Idauze-mendin (Zuberoa) eta Zuhatzan (Araba) izango dira udalekuak. 200 bat lagunek eman dute izena, 9 urtetik hasi eta 18 urtera bitarte.

Uztailean egingo dira Bertso Udalekuetako txanda gehienak. Orion egokitutakoak izango dira goiztiarrenak, San Fermin egunean hasi eta 13ra arte Itxaspe baserria izango dute bizitoki. Hura bukatzerako, uztailaren 10ean, Juantzirena aterpetxea bertsoz beteko dute Irañetan 30 bat gaztek. Izena eman duten helduenek Muxikan eta Idauze-mendin agurtuko dute uztaila. Azkenik, Zuhatzako udalekuek itxiko dute denboraldia, abuztuaren 20tik 24rako planarekin. Eta gero berriro ere martxoari begira izena emateko...

... baina ez gaitezen aurreratu! 2018ko uda hastear da-eta, bertsozale gazteenentzat. Ondo pasa!

Beste urte batez, bertsolaritza ikastetxeetan
32. urtez Bertsozale Elkartea hezkuntza arautuan egon da lanean 2017-2018 ikasturtean, Euskal Herri osoko ikastetxe publiko, kristau eskola zein ikastoletan. Osotara, amaitu berri den ikasturtean, 507 ikastetxetan landu da bertsolaritza eta 26.300 ikaslerengana heldu da. Zeregin horretan, 47 irakasle aritu dira.

Bestalde, 123 herritan izan dira martxan bertso-eskolak, eta gaztetxoek zein helduek osatutako 237 talde aritu dira astetik astera bertsolaritza lantzen; 1.508 ikaslerekin abiatu zuten iazko udazkena.

Uztailaren 7an Orion hasiko da 2018ko Bertso Udalekuen denboraldia.