Data berezian, edizio berezia
Ertzak hartu zuen Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako plaza larunbatean, Señora Sariketaren bosgarren aldiaren aurkezpenean. Ertzeko identitateak oholtzaratzeko helburua du sariketak, eta aurtengoan parte hartzaile bereziak izango dira oholtzara igoko direnak. Ez dira plazan dabiltzan bertsolariak izango kantuan arituko direnak, izan ere, antolakuntzaren esanetan “bertso plazara jauzi egiteko bidea hertsia izan da orain arte”. Eta bide hori nolakoa izan den azaldu dute: “herriko bertso eskolan hasi, eskolartekoan arrakasta izan, txapelketan izena emateko adorea izan eta adore hori izateko legitimitate publikoa sentitu, plaza guztiei baietz esan…”
Bide hori aldatzen ari den arren, orain arteko dinamikek emakumeak eta genero disidenteak baztertu dituela diote. Hortaz, aurten, bazterketa horren ondorioz kantatzeari eta plazetan aritzeari utzi diotenei egin nahi diete tokia. Zehazki: “bide hegemonikoan hasi, baina bertso jarduna utzi duten emakume eta genero disidenteak; eta plazan, bertso jardun egonkorrik ez duten emakume eta genero disidenteak”.
Hau guztia azaltzeko eta V. Señora Sariketa aurkezteko, Laudion egin dute hitzordua. Aurten sariketetako saioek izango duten dinamika eduki du aurkezpenak ere: lehendabizi bazkaria, eta, ondoren, saioa. Aurreko edizioetako pameladunak aritu dira kantuan, Danele Sarriugartek jarritako gaiekin bertsotan: Amaia Agirre, Ane Labaka, Maider Arregi eta Jone Uria.
Ondorengo saioak ere zeintzuk izango diren azaldu dute, hiru guztira: bi kanporaketa eta finala. Kanporaketak maiatzaren 10ean eta 17an izango dira, Eskoriatzan eta Iurretan, hurrenez hurren. Finala Iruñean izango da, maiatzaren 31ean. Saio horietan nortzuk kantatuko duten aste honetan esango dute. Horien artean izango da aurtengo pameladuna.
- 1go kanporaketa:
Maiatzak 10, Eskoriatza - 2. kanporaketa:
Maiatzak 17, Iurreta - Finala:
Maiatzak 31, Iruñea
Aipatu bezala, saio guztien aurretik bazkaria izango da, 14:00etan, eta bertso-saioak 17:00etan hasiko dira. Kanporaketetan, bazkaria eta saioaren prezioa 20 eurokoa izango da (edo ahal duzuna); finalean, 25 eurokoa. Saioa bakarrik ikusi nahi izanez gero, 10 euro ordaindu beharko dira (edo ahal duzuna). Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean erosi ahalko dira.