Cantadoriak eta bertsolariak elkarrekin, Sardinian
Pasa den asteburuan egin zen Sardinian Atòbius in Rima kulturarteko ikuskizuna. Instituto Etnografico Della Sardegna erakunde antolatzaileak gonbidatuta hartu zuen parte Mintzolak; Oihana Bartra eta Igor Elortza bertsolariak joan ziren, Karlos Aizpurua Mintzolako zuzendaritza kidearekin batera.
Azaroaren 28an, larunbatean, egin zen emanaldian, bertsolariek ez ezik Sardiniako kantu inprobisatuaren lau tradizioek - mutetu, repentina, muto eta otada - hartu zuten parte; 20 pertsona baino gehiago guztira. Bertsolariek beraien tartea izan zuten, gai baten baitan kantatu zuten, eta gainera, bientzako gaia emanda, lau bertsoaldi osatu zituzten hainbat cantadorirekin uztartuta. Elortza bera aritu zen cantadorien doinu batean ofizioetan. Emanaldia Giovanni Pierluigi da Palestrina Cagliariko kontserbatorioan izan zen eta 200 bat lagun hurbildu ziren saioaz gozatzera.
Bezperan, azaroaren 27an, Mintzolaren eta Bertsozale Elkartearen egitasmoari buruzko hitzaldia eskaini zuen Karlos Aizpuruak: interes handia erakutsi zuten hurbildutakoek.
Bertsolaritza atzerrian ezagutarazteaz gain, sardiniarrekin harreman sareak sendotzeko baliagarria izan da topaketa. Hain zuzen, Sardiniako cantadoriek ere parte hartuko dute Europa bat-batean egitasmoaren baitan.