Bost bertso bazkari eta ibilbide gidatua, Bertso Eguna ospatzeko

2020/01/17
Aramaio eta bertsozaleak prest dira Bertso Eguna ospatzeko. 12:30ean hasiko da eguna eta han elkartutakoek nahi adina luzatu ahal izango dute ospakizuna. Bertso bazkarietarako sarrerak agortu dira.

51. Bertso Eguna ospatuko dugu bihar Aramaion. 12:30ean abiatuko dugu eguna, bertsozale zenbaitek goizago hasiko badute ere: aurrez, Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa aurkeztuko baita Aramaioko udaleletxean 9:15ean, eta jarraian, 10:00etan, Arabako Bertsozale Elkarteak urteroko batzarra egiteko baliatuko baitu hitzordua.

12:30ean, denok Aramaioko plazan elkartuko gara: handik abiatuko dugu goizeko ibilbidea. Herria hobeto ezagutzeko ibilbidea egingo dugu eta horretarako Amillena turismo elkartearen laguntza izango dugu; elkarteko Libe Ramilak egingo ditu gidari lanak eta kantuan egingo dute hainbat bertsolarik: Amaia Iturriotz, Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa. Hiru geldialdi egingo ditugu bidean.

Ondoren, bertso bazkaria; edo bertso bazkariak hobeto esanda, eta jada sarrerak agortu dira. Iparra-Hegoako lagunek prestatutako otordua bost elkartetan eskainiko da: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga izango dira Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso izango dira Uribarriko elkartean; Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako elkartean; eta Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria Aramaioko eskolako jangelan. Uribarriko eta Zabolako elkarteetara joateko autobusa hartu behar da; beraz, haietara joan behar dutenek 14:30ean eta 14:45ean izango dituzte autobusak herrigunetik, hurrenez hurren.

Bazkariaren ondotik, arratsaldean festa luzatu nahi duenak izango du aukera, Urola erdiko trikitilariak batuko baitira 19:00etan.

Aramaioko Udalarekin eta Aramaioko bertso-eskolarekin antolatu dugu elkarlanean 2020ko Bertso Eguna, eta aipatutako beste zenbait elkarteren laguntza ere izan dugu: Amillena Aramaioko turismo elkartea, Iparra-Hegoa eta bazkariak hartuko dituzten elkarteak, kasu.

Informazioa, hemen.