Bollo bertso saioak, Hitzetik Hortzera
Bertsolaritza, gizarte osoa bezala, pentsamolde heterosexualetik eraikia eta irakurria da. Argi dute hori Amaia Agirre eta Eli Pagola bertsolariek. Hortik abiatuta, hainbat bollo bertso saio antolatu izan dituzte, bertsolari bolleren kezkak, diskurtsoak eta umorea partekatzeko gune direnak. Bertsolaritzak LGTBIQ+ mugimenduaren baitan egin duen eta egingo duen bideaz arituko gara beraiekin Hitzetik Hortzeran.
Lesbianen kolektiboek jatorriz mespretxagarri den "bollera" hitza bereganatu dute beraien nortasuna berresteko. Hortik dator "bollo" hitza. Berdin gertatzen da "marica" izendapenarekin, esate baterako.
Bertso saioak Hernanin, Arrasaten eta Iruritan
Hernanin, Arrasaten eta Iruritan izango gara. Hernanin Donostiako Infernuaren aldeko bertso saioa antolatu zuten martxoaren hasieran; Arrasaten, historiako bertsolarien irudietatik eta pasarteetatik abiatuta, Orainmenean saioa osatu zuten; eta Iruritan, berriz, Baztango Talde Feministak antolatutako bertso saioa izan zen orain dela egun batzuk.
Bestalde, aste honetan, Lide Arrieta Arrotxapeako bertso-eskolako kidearen Bertsoaldi Kuttuna ezagutzeko aukera izango dugu. Berarekin Donostian ospatu zen 2015eko Bertso Egunera egingo dugu jauzi.
Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.