Boiseko Jaialdi 2015en izango den saioaren berri, Bertsoan
Pasa den astean Haritz Casabal, Jokin Labayen, Jon Martin, Manex Mujika eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” bertsolariek Estatu Batuetan eskainiko zituzten emanaldien berri eman zuen Bertsoak. “Espedizio” hau ordea ez da izango uda honetan Estatu Batuetara joan den bakarra. Bihar bertan hasiko da Boisen Jaialdi 2015, eta han izango dira bertsotan Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya. Eskaini behar duten emanaldiaren xehetasunak bilduko ditu Bertsoak asteazkenean, Ibarzabalen ahotik.
Horrekin batera ALBE Algortako bertso-eskolak antolatu dituen bertso saioen berri emango da, baita Gasteizko jaien baitan izango diren saioen ingurukoak ere. Bertsoaldi onenak ere jasoko dira, eta Algortakoak eta Markina-Xemeingoak plazaratuko dira gaur eta bihar.
Ostiralean, ohi bezala, denboran atzera egin eta duela zenbait urtetako bertsoaldiak bilduko ditu sareko plazak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin, Altzoko San Inazio jaien baitan egiten den saioa aitzakia hartuta.