Bizkaiko txapelketako finalaren atarian Hitzetik Hortzera

2021/12/09
Abenduaren 18an jokatuko da Bilbon 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala; eta aste honetako programan, denboran atzera egin eta finalerdietako bertsoaldien hautaketa eskaintzeaz gain, Moises Enbeita eta Joseba Etxebarria aurtengo txapel-emaileekin elkartuko gara. Hitzetik Hortzera: larunbatean, ETB1en.

Pandemiak iazko urtea baldintzatu zuenez, aurtengora atzeratu behar izan zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere, baina azkenean lortu du bere bidea hasi eta amaitzea. Sei kanporaketa eta hiru finalaurreko jokatu dira, Etxebarrian, Galdakaon eta Larrabetzun, eta final handiaren zain dago orain. Hiru saio horietako hautaketaz gozatzeko aukera izango dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Zortzi bertsolari hauek lortu dute abenduaren 18an Bilbao Arenan, Miribillan,  jokatuko den finalean kantatzeko txartela: Gorka Pagonabarraga Agorria, Etxahun Lekue Etxebarria, Nerea Ibarzabal Salegi, Aitor Bizkarra Ruiz, Jone Uria Albizuri, Xabat Galletebeitia Abaroa, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta Onintza Enbeita Maguregi.

Txapel bakarra, baina bi txapel-emaile aurten; Moises Enbeita Ealo eta Joseba Etxebarria Uriarte izango dira aurtengo txapeldunari txapela jantziko diotenak. Oholtzaren muntaia, sarreren salmenta, kartzelako zaindari lanak… inork baino hobeto ezagutzen dituzte txapelketaren aurreko eta ondorengo zeregin guztiak talde antolatzaileko kide ezinbesteko hauek, eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urte luze hauetako lana eskertu nahi izan die. Larrabetzun elkartu gara beraiekin txapelketen antolaketaz, talde lanaz, finalaz eta askoz gehiagoz berba egiteko.

Larunbatean, 21:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Joseba Etxebarriarekin eta Moises Enbeitarekin elkartu da Eider.