Bizkaiko finalaurrekoa, Donostiako jaialdia eta Izeta Sariketa aste honetan Bertsoan

2014/11/24
"Xalbador, izana eta izena" pelikularen aurrerapena Bertsoan. Datorren larunbatean Eneko Dorronsorok Hazparneko Zeregin festibalean aurkeztuko du Xalbadorri buruzko filma eta aurrerapena eskainiko du Bertsoak.

Larunbatean Etxebarrian jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Iratxe Ibarra, Fredi Paia, Miren Amuriza, Joseba Artza, Ander Elortegi eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ aritu ziren kantuan, finalerako txartel bila. Ariketa guztietan egin zituzten lan ederrak bertsolariek, batez ere zortziko handian. Hamarreko txikian eta kartzelan ere utzi zuten ale ederrik. Iratxe Ibarrak irabazi zuen eta finalean da jada. Bertsoaldi onenak jada sarean daude, bertsozaleen gozagarri. Bertsolarien saio ondorengo adierazpenak ere plazaratuko ditu Bertsoak astean zehar.

Donostian, Antigua auzoan, jada bide luzea egin duen jaialdia egin zen ostiralean: Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Uxue Alberdi, Josu Goikoetxeak gidatuta. Saio ona atera zen eta asteazkenerako sarean izango da hautaketa zabala.

Azkenik, Elizondon jokatu zen Izeta sariko finala, Nafarroako bertsolari gazteen artekoa. Saioa Alkaiza, Maddalen Lopez, Oier Amiano, Kotte Plaza, Alazne Untxalo eta Ioar Tainta aritu ziren bertsotan. Saioa Alkaizak jantzi zuen txapela.

Informazioari dagokionez, asteko gai nagusia Nafarroan transmisioan egiten ari diren lan interesgarriari buruzko erreportaia izango da, protagonistek ahotik. Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak, bertsolaritza irakasleak, Ikastetxeko zuzendaria, irakaslea…

Hori guztia eta astean zehar izango diren beste hainbat jorratuko ditu Bertsoak.