Bizkaiko Bertsolari Txapelketaz, Bertsoan
Apirilaren 10ean, igande honetan, hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Sailkapen fasea maiatzaren 22ra bitartekoa izango da eta 56 bertsolarik hartuko dute parte. Astelehenean aurkeztu zen prentsaren aurrean eta Bertsoak talde antolatzaileko kide den Beñat Vidalen eskutik jaso du aurtengoaren inguruko informazioa.
Sariketak eta desafioak ere izango dira datozen egunetan eta horiek ere iragarriko ditu: Gipuzkoan gauzatuko diren Bertso txiki, saio haundi desafioak eta Pernando Amezketarra sariketa. Lehiarik gabeko egitasmoek hartuko dute Araba datozen egunetan, eta ildo horretakoak dira Bertsokatu eta Oholtzapetik.
Bertsoei dagokionez, pasa den asteburuan jokatutako Osinalde sariketakoak izango dira entzungai, baita San Telmo jaien baitan Zumaian izandako saioko bertsoaldiak ere. Ostiralean ohi bezala atzera begirakoa egingo du sareko plazak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz duela zenbait urtetako bertsoaldia berreskuratuz.
Horiek eta egunak bat-batean dakartzanak, Bertsoan!