Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izango da Hitzetik Hortzera
2020ko udazkenean kanporaketa fasearekin hasi eta 2021eko udazkenean sei kanporaketa eta hiru finalaurreko jokatu ondoren helduko da azken helmugara txapelketa. Neguaren atarian amaituko da; eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketarekin batera, baita udazken honetako txapelketen garaia ere.
Zortzi bertsolari hauek lortu dute larunbateko finalean kantatzeko txartela: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa.
Finaleko giroa, bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu Hitzetik Hortzera bereziak; igandean, 15:00etan, ETB1en.
Gogoratu, halaber, larunbatean bertan ere jarraitu ahal izango dela finala Euskal Telebistan. 16:55ean hasita, zuzenean eskainiko da ETB4 katean, eta finalaren amaiera ETB1en ere bai. Ilaski Serranok aurkeztuko du emankizuna, eta ondoan izango du Zihara Enbeita iritzi-emaile lanetan.
Urtarrilaren 8an itzuliko da Hitzetik Hortzera
Igandeko saioarekin itxiko du Hitzetik Hortzerak 2021 urtea. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ETB1eko programazio berezia dela eta, ez da programarik izango, eta urtarrilaren bigarren larunbatean itzuliko da.