Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala zuzenean Bertsoan

2014/12/15
Astean zehar, Bilbon kantatuko duten zortzi bertsolarien finalerako asmoak plazaratuko ditu Bertsoak, baita, txapela jarriko duenaren testigantza ere. Horretaz gain, Markina-Xemein eta Amasa-Villabonako bertsoak izango dira asteon.

Josi Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da larunbaten Bilbon eta jarraipen zabala eskainiko dio Bertsoak aste osoan zehar da. Batetik, zortzi finalisten asmoak eta helburuak plazaratuko ditu Bertsoak egunotan, eta irabazleari txapela jantziko dion pertsonaren testigantza ere ekarriko du sareko plazara. Larunbatean, finala zuzenean emango du eta iganderako bertsoaldi hautaketa zabala jarriko du sarean Bertsoak.

Bertsoa zaharren egoitzetara

Bertsoa zaharren egoitzetara hurbiltzeko proiektu oso interesgarria jarri du abian Lanku Bertso Zerbitzuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Tolosako Iurramendi egoitzan izan da Bertsoa ekitaldi horietako batean, Millan Telleria eta Amaia Agirre bertsotan zirela. Gaiari buruzko erreportajea landu du Bertsoak.

Markina-Xemein eta Amasa-Villabona

Horretaz gain, Markina-Xemeingo eta Amasa-Villabonako bertsoak izango dira asteon. Markina-Xemeinen azken 34 urteotako sei txapeldunak elkartu ziren: Xabier Amuriza (1980-1982), Sebastian Lizaso (1986), Jon Lopategi (1989), Andoni Egaña (1993-2005), Maialen Lujanbio (2009) eta Amets Arzallus (2013). Txapeldunek saioak utzi zuenaren hautaketa sarean da jada Bertsoan.

Amasa-Villabonan, herritarrek Subijana etxea barrutik ezagutzeko saioa antolatu zuten Udalak eta Bertsozale Elkarteak, Euskararen Egunaren harira. Subijana Etxean daude egun Bertsozale Elkartearen egoitza,  Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Mintzola Ahozko lantegia, besteak beste... Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu aritu ziren bertsotan Oihana Iguaranen esanetara.