Bilboko Aste Nagusiko azken traka, Bertsoan

2017/08/29
Santiago plazan gauzatutako azken bertso saioan izan zen sareko plaza eta aste honetan ikusgai eta entzungai dira bertsoaldiok.

Aitor Mendiluze, Jone Uria, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga izan ziren bertsotan Marijaia agurtzen, Urtzi Urrutikoetxearen aginduetara. Han izan zen Bertsoa eta aste honetan bertan ikusi eta entzun daitezke bertsoaldiak sarean. Erromon izandako saioa ere laster izango da eskura.

Uda guztian zehar Xabier Amurizaren ibilbideari egindako errepasoa ere aste honetan amaituko da: abuztuko azken ostegunarekin batera zintzilikatuko du Bertsoak sarean Amurizaren eta Andoni Egañaren solasaldiaren azken atala.

Eta astea amaitzeko, iraila hastearekin batera, gero eta hurbilago dagoen Bertsolari Txapelketa Nagusiari egingo zaio tarte. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz, 2005eko txapelketan Amets Arzallusek eta Andoni Egañak botatako aleak berreskuratuko ditu Bertsoak.

Badator udazkena...

Aurtengo Bilboko Aste Nagusian izandako azken bertso saioa, ikusgai eta entzungai.