Bihar hasiko da Villabonan Ahoa Bete Hots jardunaldien bosgarren edizioa

2014/07/01
“Esan berriz esan” lelopean Ahoa Bete Hotsen edizio berria jarriko da martxan bihar Villabonan. Mintzolak antolatuta, antzerki, bertsolaritza, kantagintza eta ipuingintzaren transmisioa izango dute hizpide hiru egunez. 27 lagunek eman dute izena bosgarren edizio honetan. Villabonako Subijana etxean izango dira saio guztiak.

Lehenengo egunean kantagintza izango da jardunaldien gai nagusia. Mikel Markezek euskal kantagintzaren transmisioa izango du hizpide, eta horren ondoren Amaia Zubiriak “Kantua entzun, entzuna kantua” izeneko saioa eskainiko du. Jarraian, Maika Etxekoparen txanda izango da, Zuberoako kantu transmisioaz arituko da. Egunari amaiera emateko, euskal kantagintzan mugarri izan diren abestiekin kantaldia eskainiko du Mikel Markezek. Egoitz Zelaiak egingo ditu eguneko aurkezle lanak.

Jardunaldiek segida izango dute ostegun eta ostiralean. Joseba Tapia, Jon Sarasua, Antton Luku, Xabier Amuriza, Antton Irusta eta Miren Artetxe izango dira hizlariak.

Mintzola Fundazioa da Ahoa Bete Hots jardunaldien antolatzailea, Bertsozale Elkartea, Euskal Kantuzaleen Elkartea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea eta Ipuin Kontalari Taldearen laguntzaz.

Iazko jardunaldietako saioetako bat.