Bihar hasiko da Ahoa Bete Hots

2015/06/30
Emozioen eta umorearen topagune izango da hiru egunez Mintzolaren egoitza

Uztaila hastearekin batera ekingo zaie Ahoa Bete Hots jardunaldiei seigarren aldiz. Emozioak eta umorea ahozkotasunean izango du hari, ahozkotasuneko beste aditu eta elkarterekin elkarlanean Mintzolak sustatutako hiru eguneko egitasmoak. Uztailaren 1ean hasi eta 3an amaitu arte, gaian adituak diren hainbat hizlarik hari mutur ezberdinei helduko diote; eta hala, hitzaldiak, emanaldiak eta tailerrak uztartuko dira.

08:30etan egingo zaie harrera parte-hartzaileei eta ongietorria emanda, Amaia Vazquez psikologoak hartuko du hitza lehendabizi emozioen kontrolaz jarduteko. Galtzagorri Elkarteko Itziar Zubizarretak hartuko dio lekukoa gero, ipuingintzaren emozioak aztertzeko: istorio bat kontatzeaz haratago, ipuingintzak dituen funtzio sozial eta afektiboak bistaratuko ditu. Atseden hartzeko etenaren ostean, eguerdirako hamabost minutu falta direla, Asisko Urmeneta marrazkilariak Euskal Irria saioari ekingo dio; euskaldunok zeri buruz egiten dugu barre? ba al dugu umorerik? gure kulturak ba al du umorearen tradiziorik? galdera horiei helduko die Urmenetak. Ondoren, lehen eguneko egitaraua biribiltzeko, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariekin batera, Marrazkirriatutako Bertsoak saioa eskainiko du, bat-bateko bertso eta marrazki saio berezia.

Ahozkotasunean diharduten diziplinen topagunea da Ahoa Bete Hots eta ondorioz, ipuingintza, kantagintza, antzerkigintza zein bertsogintza uztartzen ditu. Irakasleak, aurkezleak, begiraleak edo jendaurrean ari den edonorentzako jardunaldi aproposak dira, eta baita ahozko generoarekin gozatzen duen edozeinentzat ere.

Seigarren aldiz egingo da Ahoa Bete Hots