Bihar egingo da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia

2014/03/28
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bertsularien Lagunak Elkarteen batzarrak egin ostean, bihar egingo da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen urteroko Batzar Nagusia Durangon. Landako elkartegian izango da goizeko 11:00etan hasita.

Ohi bezala, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak emango dio hasiera batzarrari. Horren ostean 2013. urteari errepasoa egingo diogu, urteko memoria eta balantze ekonomikoa aurkeztuta.

Behin atzera begirakoarekin amaituta, aurrera begiratzeko txanda izango da eta urte honetarako esku artean ditugun egitasmoak ezagutuko ditugu.

Herrialde bakoitzak bere egoeraren berri emango du Lehendakarien ahotik: Gipuzkoatik, Saroi Jauregi; Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroatik, Joana Itzaina; Bizkaitik, Asier Ibaibarriaga; Arabatik, Ekaitz Elorriaga eta Nafarroatik, Alaitz Rekondo.

Herrialdeekin amaitu ostean, 2014rako egitasmoak sailez sail errepasatuko ditugu: Koordinazioa, Genero Taldea, Transmisioa, Sustapena, Lanku, Ikerkuntza, Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Komunikazioa. Horren ostean, 2014ko aurrekontua aurkeztu eta bozkatuko da.

Batzarrarekin amaitu aurretik lehendakariaren izendapenari ekingo zaio. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko edo herrialdeetako zuzendaritzek aurkez ditzakete lehendakarigaiak. Hautagaiak aurkezteko epea Batzar Nagusia baino astebete lehenago itxi da.

Batzar Nagusira joaterik ez daukanak apirileko Bertsozalea berripaperean jasoko du horren inguruko informazio zehatza.

2013ko martxoaren 9an Elizondon egin zen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia