Bihar amaituko dira Muxikako eta Idauze-mendiko Bertso Udalekuak
Uztaila amaitzearekin batera agurtuko dira Muxikako (Bizkaia) eta Idauze-mendiko (Zuberoa) Bertso Udalekuak. 15 urtetik 18 urte bitarteko gazteek bederatzi eguneko egonaldiaz gozatu ahal izan dute; "egonaldia" zerbait esatearren, "egon" baino "egin" aritu baitira gehiago. Tartean, bertsotan aritzeko eta entzuteko aukera izan dute.
Ostiralean Muxikatik Lekeitiora joan ziren Gorozikako aterpetxean zeuden lagunak eta egun pasa hartan egin zuten bertso-jira: Maddalen Arzallus eta Miren Amuriza bertsolariak izan zituzten lagun. Bestalde, larunbatean, Asisko Urmeneta gidari zutela aritu ziren Fredi Paia eta Xabi Paya Idauze-mendin. Gainera, Niko Etxart ere agertu da hango Mendipika aterpetxera.
Zuhatzako txanda
Abuztuko lehen asteetako etenaren ondotik, hilaren 20an azken astinaldia izango dute Bertso Udalekuek. Zuhatzako (Araba) uhartera joango dira 9 eta 11 urte bitarteko lagunak: bertsolaritza eta txanda hau horren bereizgarri egiten duten ur ekintzak gauzatuko dituzte.