Bihar amaituko dira Irañetako Bertso Udalekuak
Orioko Bertso Udalekuei Irañetakoek hartu zien lekukoa iragan astelehenean. 12-14 urte bitarteko gazteak izan dira bertan; guztira, lurralde guztiak ordezkatu dituzten 36 gazte izan dira. Juantzirena aterpetxean igaro dituzte egunak, San Donatoren magalean, Sakanan.
Udalekuetan ohiko diren ekintzak, mendi ibilaldi eta ur ekintzak, bertsolaritzarekin, ahozkotasunarekin eta hezkidetzarekin uztartu dituzte. Karmen Egunean, 16an, bertsolarien bisita jaso zuten gazteek; ez ziren, gainera, edonola etorri. Asto gainean egin zuten agerraldia Nerea Ibarzabal eta Eneko Lazkoz bertsolariek. Gazte ugarik hartu zuten parte bertso-afariaren bueltan, gai jartzen zein bertsotan. Antzerkigintzari eta kantagintzari loturiko jarduerak burutzeko parada ere izan dute eta, urtero bezala, Oskar Estangak dinamizatzen duen udalekuetako diskoa ere aurrera doa.
Bihar bukatuko dute Irañetako egonaldia. Aurretik, ordea, igerilekuan azken dzangak egingo dituzte.