Bidarraiko pistatxitoak etxean dira
Uztailaren 15etik 24ra Bidarraiko Menditarrena aterpean (Behe Nafarroan) izan dira 16-18 urteko 31 begiratu eta 8 begirale-sukaldari. Bidarraien euliak eta turistak adina momentu eder bizi izan dituzte: Bizkarsoro filma ikusi eta Josu Martinez zuzendariaz elkarrizketan aritu dira. Bizitza hari batetik zintzilik jarri dute rafftingean baltsa irauli zenean, zuhaitz gaineko ibilbidean zein Haritzen patinetean, baina beldurrik gehien Beldur Gauean pasa dute… herritarrek. Irulegi irratiaz izan dira elkarrizketan. Pilota Bako Pala Txapelketan olinpiko izan dira (bai, egin liteke, pilota imaginarioaz). Jakin-ek sortutako Geruzak proiektuko bideoak ikusi eta hamaika gairen inguruan filosofatu dute. Bertso-eskola tailerrean errimei armiarma sareak astinduta, Onintza Enbeita eta Miren Artetxe bertsolariekin saioa eginak dira. Sormen tailerrean orotariko artista izan dira, kantuak sortu dituzte inteligentzia artifizialaz zein naturalaz, argazki tailerrak enfokatzen lagundu die, gauez kontzertuak eskaini dituzte taldean batu den musikari kondentsazioaz, eta mikro irekiak dena jaso du bihotzean.
Gazteekin zoroago eta gazteago izan dira Asier Alcedo, Iholdi Beristain, Aner Euzkitze, Oihana Arana eta Eli Zaldua begiraleak. Eta hiru sukaldari-musikari-artista arduratu dira gazteak eta auzoko txerria gizentzeaz: Eneko Alda, Haritz Cervera eta Josu Rodriguez.
Bertan egoterik izan ez dugunok inbidia gehiago pasa dezagun, hemen ikusgai txandako bideoa!
1998. urtetik Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak. Edizio hau Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu dute, Irizarren eta Kaikuren laguntzarekin.