Bi ikerketa kontratutarako deialdia egin da aurten

2016/05/25
Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskararen eta Ikerketaren arloko Errektoreordetzek ikerketa kontratuen deialdia zabaldu berri dute. Era berean, lehen bi erakundeek 2.000 euroko hiru proiektu sari esleituko dituzte.

2013an abiatutako bideari jarraituz, aurten ere ikerketa kontraturako deialdia zabaldu dute Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerketa Errektoreordetzek. Orain arte ikerketa kontratu bakarrerako deialdia egin bada ere, aurten eskaintza zabaldu eta bi ikerketa kontratu izango dira esleitzeko.

Doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak. UPV/EHUn gauzatuko diren doktorego aurreko bi kontratu dira esleituko direnak, urtebeterako baina hiru urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin.

Hiru proiektu sarietarako deialdia

Bestalde, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Laboa Katedrak 2.000 euroko hiru proiektu sari esleituko dituzte. Deialdi honetan master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira.

Ikerketa kontratuen deialdiak zein proiektu sarienak bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko xedea dute. Batera zein bestera eskariak egiteko epea irailaren 12an amaituko da. Eskaera egiteko eman beharreko pausoak, datak eta informazioa Mintzolaren atarian eta Laboa Katedraren webgunean daude ikusgai.

Gidor Bilbao, Beñat Gaztelumendi, Karlos Aizpurua eta Juan Kruz Igerabide, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren eta Mintzolaren ordezkariak. Iturria: XDZ