Bertsozalez bete da Lesaka Bertso Egunean

2025/01/25
Bortzirietako Bertso Eskolarekin elkarlanean, egun osorako egitaraua prest geneukan Bertso Eguna ospatzeko; eta bertsozaleek ere ez dute hutsik egin: giro ederra izan da Lesakan goizetik hasita.

Guztia prest eta sarrerak agortuta. Horrelaxe iritsi gara Bertso Egunera: goizetik gauerako ekitaldiak antolatuta eta gogotsu.

Oinak bidean ibilbidearekin hasi da eguna. Harriondoatik abiatu dira bertsozaleak, eta mendi buelta gidatua egin dute. Herrira itzultzerakoan hasi da bertso poteoa. Aramaioko Bertso Eskolako, Epifora Bertso Eskolako eta Lilibertso Bertso Eskolako hurrengo bertsolariek parte hartu dute: Ane Zuazubiskar, Danel Herrarte, Iraide Onaindia, Manex Agirre, Eli Pagola, Maider Arregi, Oihana Arana, Uxue Alkorta, Aitor Etxebarriazarraga, Asier Galarza, Ibai Amillategi eta Iker Uriarte. Bertso poteoa alaitzen Amaia Taberna eta Olaia Urdangarin trikitilariak aritu dira.

Luntxaren bueltan pasa dute eguerdia bertsozaleek Arranon, eta bazkalostean lasai egon dira arratsaldeko ekitaldiaren zain. Ordurako jende gehiago ere gerturatu da, eta saioarekin egin du bat Bertso Egunarekin. 17:00ak pasatxoan hasi da XXI mende, 25 (H)illbeltz bertso saioa Harriondoa kultur etxean, eguneko ekitaldi nagusia. Kantuan Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Julio Soto Ezkurdia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Maialen Lujanbio Zugasti eta Peru Abarrategi Sarrionandia. Nerea Ibarzabal Salegi zen kantuan aritzekoa, baina azken orduan Lujanbiok ordezkatu du. Gai-jartzaile lanetan Alaitz Rekondo Ferrero aritu da.

Arratsaldekoa amaitu da, baina oraindik asko falta da bertso eguna bukatzeko. Izan ere, sagardotegian afalduko dute bertsozaleek orain, eta afalostean, bertso jarriak izango dira Ekhiñe Zapiain Arlegi, Josu Txoperena Iribarren eta Manex Pagola Apezetxea Hor gurekin batera. Amaitzeko, DJ Infernu egongo da Arranon.