Bertsozaletasunaren azterketa soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz solasean, Durangoko Azokan

2018/12/05
Abenduaren 8an izango da solasaldia Landako gunean atondutako Areto Nagusian, 11:00etan. Jone Miren Hernandez ikertzaileak gidatuta, Beñat Gaztelumendi, Harkaitz Zubiri, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio izaango dira parte hartzen.

Gaur hasi da Durangoko Azoka. Abenduaren 9ra arte izango da izango da zer ikusi, entzun eta irakurri. Eta ez bakarrik Goienkaleko, Artekaleko eta Barrenkaleko postuetan bakarrik; Durangoko Azokan sortzaileei eskainitako guneetan eskaintza handia izango baita. Tartean, Bertsozaletasunaren azterketa soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz solasean ariko gara.

Abenduaren 8an, 11:00etan, izango da solasaldia Landako guneko Areto Nagusian. Jone Miren Hernandez UPV/EHUko ikertzaileak gidatuko du saioa. Hasieran, Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaren emaitzen berri emango du ikerketa egin duen adituetako batek, UPV/EHUko Harkaitz Zubiri ikertzaileak eta, ondoren, horretaz eta, oro har, bertsolaritzaren inguruan hitz egingo dute Bertsozale Elkarteko ordezkari diren Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio zuzendaritzako kideek.

Beste ekimenen batean ere hartuko dugu parte, gonbidatuta: egun horretan bertan, 18:30ean, Kulturaren transmisioa eskolan izeneko mahai-inguruan hartuko dugu parte. Bertsolaritza geroratzeko ikastetxeetako eta bertso-eskoletako proiektuetan lanean ari den Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kidea ariko da solasaldian, Iratxe Retolaza UPV/EHUko irakaslearekin, Maria Rivero musikariarekin eta Pello Ulazia Deustuko Unibertsitateko irakaslearekin batera. Kattalin Minerrek gidatuko du saioa.

Goienkale 39an izango gara

Durangoko Azoka 2018Lanku Kultur Zerbitzuen eskutik, abenduaren 7an ere izango dira apuntatzeko bi hitzordu: Ahotsenea solasaldiak gunean Buruz buru lanaren ingurukoak entzun ahal izango ditugu, 13:00etatik aurrera; eta Saguganbaran, 16:00etan, Bertso jasa bat-bateko jolasa haur ikuskizuna.

Gainera, Goienkale 39an topatuko duzu Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen stand-a. Gure ekoizpenak edota banaketa prozesuan bidelagun gaituzten produktuak topatuko dituzu han.

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren argitalpena izango da eskuragai: txapelketako bertsoaldiak, argazkiak, doinuak eta adituen hausnarketak biltzen ditu lanak. Liburua eta diskoa ditu. Bestalde, Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez 2016an egin genuen Europa bat-batean topaketari loturiko liburua ere izango da eskuragai: World Improvised Verse Singing. Topaketa haren baitan hitzaldiak eskaini genituen Donostiako Miramar Jauregian, ahozkotasunean eta kantu inprobisatuan adituak diren hainbat ikertzaileren eskutik: Ruth Finnegan, Josep Vicent Frechina eta Jone Miren Hernandez, besteak beste. Hitzaldi horietako bederatzi biltzen ditu Renoko Euskal Ikergunearekin (Center for Basque Studies) elkarlanean ateratako liburuak.

Bestalde, Lankuk bideratutako Buruz Buru lana izango dugu mahaian: bertsolariak eta beste arlo zenbaitetako sortzaileak elkarrekin jarri ditugu jolasean, puntu-erantzunetan: Igor Elortza, Ilaski Serrano edota Ruper Ordorika, besteak beste. Anjel Larrañagaren ibilbidearen errepasoa egiten duen Lana festa bihurtuz liburu eta diskoa ere izango dugu gurean. Joxean Agirre idazleak jaso ditu Azkoitiko pandero-jotzaile eta bertsolariaren inguruko bizipenak.

Gainera, Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek ekoitzitako produktuez harago, bertsolaritzari loturiko beste ekoizpen batzuk ere izango dira eskuragai postuan; esate baterako, gaur bertan aurkeztu den Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik infografia.

Egunotan elkar ikusiko dugulakoan, laster arte!

 

Harkaitz Zubirik aletuko ditu azterketaren emaitzak./XDZ