Bertsozaletasuna hizpide igandeko Hitzetik Hortzeran

2019/01/10
Nora goazen jakiteko beharrezkoa da une batez gelditzea, atzera begiratzea eta aurrerantzean pausoak norantz eman nahi ditugun aukeratzea. Bertsozaletasunari buruz egin den ikerketa soziologikoaren emaitzei buruz hitz egingo dugu Harkaitz Zubiri ikertzailearekin eta Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kideak diren Beñat Gaztelumendirekin eta Miren Artetxerekin.

Batzuetan itsu-itsuan aurrerantz joateak okerreko bidetik eraman gaitzake. Gaurkoa aztertu etorkizuna ziurtatzeko, horixe egin du bertsolaritzak. Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez gauzatu du ikerketa eta igandeko programan ikerketaren emaitzei buruz mintzatuko gara. Horretarako Harkaitz Zubiri ikertzailearekin elkartuko gara. Bertsolaritza nola ikertu duten galdetuko diogu eta gaur egungo bertsozalearen profila zein den ezagutuko dugu.

Egina dago ikerketa eta zabaldu dira emaitzak, baina zer egingo du orain Bertsozale Elkarteak? Pauso horiei forma emateko bidea azalduko digute elkarteko zuzendaritzako kide diren Beñat Gaztelumendik eta Miren Artetxek. Ikerketa soziologikoak egitea zergatik den interesgarria eta etorkizunerako detektatu diren erronkei buruz galdetuko diegu.

Ba al du bertsolaritzak gizartea nolabait aldatzeko gaitasuna? Desagertuko da bertsolaritza? Horiek eta beste hainbat galderen erantzunak, igandeko Hitzetik Hortzeran.

Amurrio eta Ondarroako bertsoaldiak

Amurrion, Txapelketa Nagusiko finalisten bertso jaialdia izan zen, eta igandeko programan hango bertsoaldi onenak entzungo ditugu. Kantuan entzungo ditugu Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina. Gainera, Errege Egunez Ondarroan izan zen Gabonetako bertso saioko bertsoaldiak ere ekarriko ditugu. Oholtzara igo ziren Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe.

Hori dena igandean 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieran atarian.

Eider Perez aurkezlea eta Harkaitz Zubiri ikertzailea.