Bertsozaletasuna eta bertsolaritzaren eraldaketa hizpide

2019/08/20
Ostegunean eta ostiralean izango da Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako "Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak" eskola. Izena emateko garaiz zabiltza oraindik.

Abuztuaren 22an eta 23an gauzatuko da Donostiako Miramar Jauregian Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak ikastaroa, Mintzola Ahozko Lantegiaren eskutik eta UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan.

Euskal kulturaren kontsumoa eta transmisioa izango ditugu hizpide lehen egunean, Josu Amezaga eta Iratxe Retolaza ikertzaileen eskutik. Abiapuntu horretatik bertsolaritzan jarriko dugu arreta gero: Harkaitz Zubiri ikertzailea bertsozaletasunari buruz ariko zaigu. Bigarren egunerako zubia izango da bera; izan ere, ostiralean, bertsolaritzari inguruan egokitu zaizkion eraginak eta horietara nola moldatu den aztertuko dugu, izan rockari, 90eko bertsolari gazteei, emakumeen presentziari edota hiztun berriei dagokionez. Horretarako, Alberto Irazu, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe izango ditugu bidelagun.

Gainera, bigarren egunean, arratsaldez, komentatutako bertso saio feminista eskainiko dute Miren Amurizak eta Nerea Ibarzabalek, Maite Berriozabalek gidatuta.

Izena eman nahi? garaiz zabiltza. Sartu www.uik.eus atarira eta eman izena. Laster arte!

Informazio gehiago, www.mintzola.eus webgunean.