Bertsozale Elkartearen taupada ere izango da Durangoko Azokan

2020/11/30
Abenduaren 4tik 8ra izango den azokako dendan eskainiko ditugu gure ekoizpenak.

Euskal kulturaren erakusleiho ezagunenetakoan parte hartuko dugu aurtengoan ere. Eskutik hartu eta elkarrekin aritzeak are eta garrantzia handiagoa hartu duen garaian, Durangoko Azokarekin bat egingo du Bertsozale Elkarteak horrela, abenduaren 4an hasi eta 8ra arte.

Bazkideekin eta bertsolazaleekin solasean egiteko nahiz beste argitaletxeekin eta elkarteekin harremana egiteko aukera ematen digu azokak: plaza ederra izaten da elkarren berri izateko. Aurten hori egitea ezinezkoa izango dela jakitun, baina bertsoaz gozatzen jarraitzeko bidea erraztearren, gure ekoizpenak azokaren denda birtualean jarriko ditugu eskuragai. Pasa den astearen amaieratik, ikusgai daude www.durangokoazoka.eus atarian dendan izango diren ekoizpenak; baita hitzaldien eta emanaldien egitaratua ere. Beraz, sartu eta begiratu! elkarteak argitaratutakoetatik harago, badirelako bertsoarekin zerikusia duten beste hainbat ekoizpen.

Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak liburua bertsogintzaren eta bertsolaritza mugimenduaren beraren azalpenak elkartzen dituen argitalpen osoenetakoa da ziurrenik. Andoni Egañak, Jon Sarasuak eta Joxerra Garziak sinatutako ekoizpena, Bertsolari aldizkariak eta Bertsozale Elkarteak argitaratua, eskura izango da azokan.

Irakurri baino entzun nahiago duenak, Jasota bezala bertso antologien aleetako bat ere izango du; Xabier Amurizak txapelketetan osatutako bertsoei dagokiena.

Lanku Kultur Zerbitzuek argitaratutako hainbat

Bertsoari lotutako askotariko ekoizpenak atera ditu Lankuk azken urteetan eta horiek guztiak eskura izango dira: Houston arazotxo bat daukagu, Bertsoaren Harria, Buruz buru,... baita azken Lanku Beka deialdian saridun izan zen proiektutik eratorritako ekoizpena, Txakur Gorria taldearen Orainmenean. Informazio gehiago, www.lanku.eus atarian.

Bertsozale Elkartearen eskariz eta Mintzola Ahozko Lantegiaren bitartez egindako Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoak Kultura ez da bat-batekoa: bertsolaritza aztergai argitalpena ekarri zuen. Hura ere eskuragai jarriko du UPV/EHUk azokako dendan.

Bertsozale Elkartearen taupada ere izango da 55. Durangoko Azokan.

Aurten hutsik izango dira Landakoko kaleak.