Bertsozale Elkarteak ere kulturgileen greba digitala egingo du

2020/04/17
Apirilaren 21ean eta 22an izango da: Interneten kultur edukirik ez partekatzeko deiarekin bat egingo dugu, euskal kulturgintzako sortzaileen eta eragileen egoera salatzeko.

COVID-19ari aurre egiteko neurriek kultur programazio guztiak bertan behera uztea ekarri dute: itxita daude antzokiak eta hutsik emanaldietarako plazak. Handia izan da euskal kulturgintzaren ekosistemak jasan duen kolpea: ziurgabetasun egoera handia da euskal eragileentzat eta sortzaileentzat. Paradoxikoki, ordea, kulturaren presentzia nabarmena izan da itxialdi garaian: bertso, kantu, antzerki edota ipuin kontaketa ugari partekatu dira egunotan sare digitalean, gehienak ere dohainik.

"Larrialdi egoera honek aurretik euskal kulturgintzarekiko atxikimendurik ez zenuten herrikide asko euskal kulturgintzara hurreratzea ekarri du (…) Zer gertatuko litzateke aktorerik, idazlerik, dantzaririk, musikaririk, margolaririk ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik, kultur gunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe? Esan bezala, egunotan lan horien garrantzia ikusten ari gara sareetan; herritarren itxialdiaren aringarri suertatzen ari direlarik. Baina, itxialdia amaitzerakoan zer gertatuko da? Nola berrantolatuko dugu kulturgintza?"

Euskal kulturgintzari eta berau osatzen duten sortzaile eta eragileei dagokien garrantzizko lekua aldarrikatzeko eta horren inguruko gogoeta bultzatzeko, apirilaren 21ean eta 22an greba digitala deitu da eta Bertsozale Elkarteak bat egingo du. Egun horietan ez dugu edukirik partekatuko Interneten.

Oihala beheratu eta mikrofonoa itzaliko dugu. "Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara".

Greba digitalerako deia, hemen.

Ez dugu kultur edukirik partekatuko sarean egun horietan.