Bertsotruken urtea, Bertsoan
Pasa den udazkenean Bertso Eskolen Egunak abiarazi zuen bertso-eskolen arteko Bertsotruk ekimena. Euskal Herri osoko 26 bertso-eskolek hartu dute parte eta ikasturtea amaitzear denean, atzera begirakoa eginez parte-hartzaileek balorazioa egin dute Bertsoan.
Araban egin berri duten Oholtzapetik egitasmoa ostiralean amaitu zen. Ikus-entzuleek erabakitako saio bakoitzeko irabazleak bildu ziren Legutioko emanaldian eta hango bertsoaldiak entzungai izango dira sareko plazan aste honetan; egitasmoaren lehen edizio honek utzitako inpresioak ere bildu ditu Bertsoak Asier Lafuenteren eta Oier Suarezen ahotik.
Eskolartekoa ere bete-betean da. Nafarroan eta Gipuzkoan bere bidea egin duen arren, Araban, Bizkaian eta Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoan aste honetan gauzatuko dira finalak: Araban eta Ipar Euskal Herrian larunbatean ospatuko dira eta igandean, Bizkaian. Horiek hurbiletik jarraituko ditu Bertsoak.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketari eta Plazatik Gaztetxerari ere jarraipena egiten dihardu Bertsoak: aurreko saioetako bertsoaldiak eta datozen saioen xehetasunak iragarriko ditu. Entzungai izango dira baita ere, Abadiñoko saioan botatako bertsoak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz berreskuratutako duela zenbait urtetako bertsoaldia ere.