Bertsotan eta Bertsoan, haurtzarora egingo dugu bidaia

2020/05/04
Asteburu honetan Plaza online emanaldien lehen bi saioak izan dira zaleen gozagarri; asteazkenean, Bidaiak atalaren lehena izango dugu.

Asteburu honetan ez da bertso saio eskaintza makala izan: aurretik bertsozale hainbatek abian jarritako ekimenei, martxan jarri berri dugun Plazako lehen bi saioak gehitu zaizkie. Larunbatean eta igandean izan ziren saioak; bigarrena, Erandioko Udalak antolatua. Asteburuan ikusteko aukerarik izan ez bazenuen, lasai, hautaketa jarriko baitugu eskura Bertsoa.eus atarian: gaur bertan larunbatekoak, eta astea amaitzerako Erandioko online saioa.

Aste honetan, Bidaiak saioko lehena
Andoni Egañak gidatuta, Alaia Martinek eta Amets Arzallusek haurtzarora egingo dute bidaia asteazkenean; hain zuzen, Plazarekin batera aurkeztu dugun Bidaiak ikus-entzunezko tartearen lehena izango da hau. Esperimentaziorako gune izateko asmoz sortu dugu, molde berriak proban jartzeko; eta probetek emandako emaitza asteazkenean Bertsoa.eus atarian izango dugu ikusteko eta entzuteko moduan, 18:30etik aurrera.

Aurretik, bertsolari gazteekin osatutako potokasta eskainiko dugu: jada Bertsoa.eus atarian duzue entzungai Elixabet Etxandi Izpurako bertsolariarekin izandako solasaldia.

Abadiñora, ostiralean
Lanku Kultur Zerbitzuen bitartez lotuta zeuden saioei bide eman nahi zaie Plazaren bitartez, eta Abadiñoren txanda izango da oraingoan. Ostiralean, 21:00etatik aurrera eskainiko da Abadiñoko Udalak antolatutako saioa Bertsoa.eus atarian. Igor Galartzak jarriko ditu gaiak eta Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Txaber Altube ariko dira bertsotan.