Bertsorik ez da faltako sareko plazan
Aste honetan bertan Bilbon eta Markina-Xemeinen izandako saioak daude ikusgai eta entzungai Bertsoa.eus atarian. Uztailaren 15ean izan zen lehena, eta bertsotan aritu ziren Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Viñaspre, Julio Soto eta Onintza Enbeita; Maite Berriozabal aritu zen gidari lanetan. Bigarrena, aldiz, uztailaren 18an izan zen: Alexander Idoetak gaiak jarrita, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue, Josune Aramendi eta Miren Amuriza aritu ziren bertsotan.
Datozen asteetan argitaratuko dira Erniarraitz Sariketako finaleko bertso aleak, Sagardoak elkartzen gaitu ekimenaren baitan Astigarragako Astarben bildutakoak eta aurrerago Soraluzeko jaialdikoak ere.
Bertso plazako jarduna adi jarraituko du Bertsoa.eus atariak, eta, beti ere ezustekoak inoiz baino presenteago daudela jakitun izanda, iragarritako zenbait plazetan izango da, hango eta hemengo bertsoaldiak sarean eskaintzeko.
Udan ere jarraitu bertsolaritza Bertsoa.eus atarian.