Bertsolaritzari buruzko zenbait ikerketa ezagutu nahi?

2018/11/05
Azaroaren 15ean izango da hitzordua Amasa-Villabonako Subijana etxean. Ane Labaka, Antxoka Agirre, Beñat Muguruza, Harkaitz Zubiri eta Luzia Alberro ikertzaileek beren lanak aurkeztuko dituzte eta, ondotik, saio berezia eskainiko dute gero Agin Laburu eta Eli Pagola bertsolariek.

Plazan gozatzeko bidea bakarrik ez eta bertsolaritzak ikertzeko bazka ere ematen du. Haren inguruan egiten diren azterketa lanak sustatzeko eta zabaltzeko lanean ari da Mintzola Ahozko Lantegia etengabe, besteak beste, UPV/EHUko Laboa Katedrarekin elkarlanean. Azken urteotan heldutako ohiturari jarraituz, Mintzola Mintegia antolatu da azaroaren 15erako, martxan dauden bertsolaritzari buruzko ikerketa lanak ezagutarazteko. 18:00etan hasiko da saioa Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, eta doakoa izango da.

Kazetaritzaren ikuspuntutik, historikotik, sozialetik, umoretik eta hizkuntzaren erabileraren talaiatik aztertu dute bertsolaritza hitzaldietan parte hartuko duten hizlariek: Antxoka Agirre, Luzia Alberro, Harkaitz Zubiri, Ane Labaka eta Beñat Muguruza. Hitzaldi sortari amaiera emateko, bertso saioa egingo dute Agin Laburu eta Eli Pagola bertsolariek hitanoa baliatuz.

Saioaren inguruko informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian.

Azken udazkenetan ohikoa bihurtu da Mintzola Mintegia. / XDZ